Urtatza birgaitzeko plan integrala azaltzeko auzotarrak bilerara deitu ditu udalak
Bilera hilaren 20an, asteartearekin, izango da, Olamendi eskolan. Plan horretan jasotako proposamenak bizilagunekin eztabaidatu nahi dituzte, eta horien iritziak jaso.
Legazpiko Udalak bilerara deitu ditu Urtatzako bizilagunak, auzoa bere osotasunean lantzeko planean jasotako proposamenak azalteko. Bilera hurrengo asteartean izango da, hilak 20, 18:00etan, Olamendi eskolan.
Medina & Murua arkitekto legazpiarrek gidatutako taldeak landutako plana da, eta bertan, auzoa modu integralean hobetzeko proposamenak jaso dituzte, irisgarritasuna, jasangarritasuna eta auzotarren kalitatea erdian jarrita. Proposamen horiek bizilagunei helaraztea eta haien iritziak, ideiak eta kezkak jasotzea da bileraren helburua. Izan ere, udal ordezkariek azaldu dutenez, “Urtatza, bere ezaugarri bereziekin, auzo kohesionatu eta bizigarria da, eta bertako bizilagunek beren ingurua zaintzeko konpromiso argia erakutsi dute eta are garrantzitsuagoa dena: auzoan bertan bizi nahi dute”.
Erik Galvez alkateak azpimarratu du Urtatzako bizilagunen iritzia “ezinbestekoa” dela prozesu hau aurrera eramateko. “Guztion artean plan bat landu nahi dugu, auzo irisgarriago, bizigarriago eta jasangarriago bat lortzeko”. Parte hartze saio hau auzoaren etorkizunerako aukera “ezin hobea” dela ere esan du, eta horregatik udalak guztion ekarpenak jasotzea eta lantzea nahi duela, “auzoaren bizitza eta bizi kalitatea hobetzeko”.
Auzoaren etorkizuna eraikitzea “lan kolektiboa” dela ere nabarmendu du, eta “iritzi bakoitza garrantzitsua da Urtatza irisgarriagoa, iraunkorragoa eta bertan bizi direnen benetako beharretara egokitua lortzeko”.













