Jone Arriaran eta German Aranburu, Seguran irabazle
50. Euskal Herriko dantza txapelketa jokatu da gaur eguerdian Segurako Baratze pilotalekuan. Bederatzi bikotek hartu dute parte.
Dantzarien eta dantzazaleen egun handia da gaur Seguran, 50. Euskal Herriko dantza txapelketaren harira. Baratze pilotalekuan, 12:00etan, ekin diote bederatzi dantza bikoteek, arin-arin eta fandango lehiari. Azpeitiko Jone Arriaran Lizarralde eta German Aranburu Sarasua bikotearekin hasi eta bukatu da gainera. Lehiaketa irabazi duen bikotea izan baita txapelduna.
Bigarren bikotea Onditz Esnaola Etxeberria (Lizartza) eta Gorka Granado Terrones (Sopela) sailkatu da, eta hirugarrena, Lezoko Ane Jaunarena Cereijo-Endika Osa Urkizu.
Dantza jantzien saria Azpeitiko Nora Aizpuru Saenz de Samiegok eta Iker Zabala Etxeberriak irabazi dute eta Guillermo Areizaga saria (lehenengo aldiz parte hartu eta ongien sailkatu direnentzako saria), Onditz Esnaola Etxeberria (Lizartza) eta Gorka Granado Terrones (Sopela) bikotearentzat izan da.
Goierritar bakarra
Parte hartu duen goierritar bakarra Legazpiko Irati Olaizola Goñi izan da, Azpeitiko Malen Arrizabalaga Etxezarretarekin bikotea osatuta. Txapelketako momentu berezi bat ere bizi izan da gainera. Iratiren amak Segurako dantza txapelketan parte hartu zuenean jantzi zuen alkandorarekin dantza egin duelako. Jendartean zen amonak jositako alkandorarekin, alegia.
Aukeran dantza taldea
Bederatzi bikoteen dantza saioen ondoren, Aukeran dantza taldearen ikuskizun berezia izan da, urteurren bikoitza ospatzeko. Batetik, Segurako dantza txapelketaren 50. urteurrena eta Aukeran dantza konpainiaren 30. urteurrena. Bi urteurren horien atzean, Edu Muruamendiaraz dagoela nabarmendu dute Izaro Iraeta eta Imanol Iraeta aurkezleek.
Bergararra 16 urte zituenean hasi zen Segurako dantza txapelketan parte hartzen, eta hiru urtez jarraian lortu zuen txapeldun izatea. Gainera, jantziei ere beste begirada bat eman zien. Izan ere, jantzien saria izan zen lehenengo aldian, irabazle izan baitziren.
Fandangoa eta arin-arina eskaini dituzte Aukeraneko dantzariek, beste begirada batetik. Eta amaieran, Edu Muruamendiaraz bera igo da oholtzara, azken dantza egiteko.
Soka
Eta emozioarekin jarraitu du ekitaldiak. Soka osatu baitute, urte hauetan guztietan Segurako dantza txapelketa aurrera eramateko lan egin dutenekin. Izarra Urdalleta Segurako alkateak, oroigarri bana eman die guztiei.
Herrigunean festa
Sari banaketarekin amaitu da Baratze pilotalekuan dantzaren festak. Baina, herrigunean, jarraituko du festak. Taldeko argazkia atera ondoren, herri bazkarian elkartu dira dantzazaleak. Arratsaldean, 17:30etik aurrera, dantza saioak eta dantzaldia izango dira.
Euskal Telebistan
Gaur gauean, 21:00etan, Euskal Telebistako lehen katean saioa osorik ikusteko aukera izango da.













