Mantangorria, Euskal Herriko agroekologiaren bidelagun
Ordiziako Plaza Nagusian Euskal Herriko agroekologia kolektiboaren azoka eta topaketa egiten ari dira. EHKolektiboaren ikur izango den Mantangorria aurkeztu dute.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetan agroekologiaren bidean lagundu eta bultzatzen duen baserritar, herritar eta elkarteen kolektiboko (EHKolektiboa elkartea) kideak Ordiziako Plaza Nagusian elkartu dira gaur. Gaurko egun 170 kide baino gehiagok osatzen dute elkartea.
Azoka berezia izan da gaur Ordizian, Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako EHKolektiboko kideena. Haurrentzat tailerrak, hitzaldiak eta Nerea Ibartzabal eta Maddalen Lujanbioren bertsoak izan badira ere, Euskal Herriko agroekologiaren ikur eta bidelagun izango den identifikatzailea ere aurkeztu dute: Mantangorria.
Mantangorriaren bidez, EHKO etxaldeak, herritarrak eta elikadura espazioak bide berean kokatzen lagundu nahi dute.”Mantangorriak helburu du identifikatzea Euskal Herrian agroekologia mugimendu sozial, ekonomiko eta kulturala dela”.
Horrekin batera, “Mantangorriaren bidez, elkarte, eragile eta komunitateekin aliantzen lantzen jarraitu nahi dugu agroekologiaren bidean, elkarrekin aurrera egiten jarraitzeko”.
Ekoizpen ekologikoa, tokikoa, giza neurriko etxaldeak eta ekonomia sozial eraldatzailea dira agroekologiaren baloreak.
EHKolektiboaren inguruko informazioa ehkolektiboa.eus webgunean eskura daiteke.
Arratsaldean
Herri bazkariaren ondoren, arratsaldean jarraituko jai giroak Ordizian. 16:00etan umore saioa izango da Itziar Saenz eta Ojer-en eskutik, eta 17:00etan, Jun ta Jo-ren musika emanaldia.













