Arrazismoaren eta xenofobiaren kontrako ekintzak egingo dituzte Urretxun
Urretxuko Udalak arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako ekintzak antolatu ditu, Aniztasun eta Bizikidetzarako II. Planaren barne. Etorkinen eta arrazializatuak diren pertsonen eta haien ingurukoen errealitateari, eskubideei, gaitasunei, beharrei eta komunitatean jasaten duten diskriminazioari buruzko ezagutza eta hausnarketa sustatu nahi ditu.
Hiru ekintza izango dira, azaroko beste horrenbeste ostegunetan:
-
– Imelda eta arimen gaua ipuinaren euskarazko irakurketa Betzaida Urtaza Elizburu idazlearen eskutik. 3-8 urteko haurrei eta haien familiei zuzenduriko saioa izango da. Azaroaren 5ean, Urretxuko liburutegian, 17:00etan.
-
– Yakaar. Itxaropenaren kartografia liburuaren aurkezpena Cheikh Mbacke Lo idazlearen eskutik. Liburu horrek Cheikh Mbacke Lo idazlearen beraren istorioa jasotzen du, migrazioa eta inguratzen duten gaiei buruzko hausnarketa poetikoa eginez. Azaroaren 12an egingo da, 18:00etan, liburutegian.
-
– Etxekoak dokumentala ikusi eta protagonistekin solasaldia. Goizean Labeaga aretoan DBH3 mailako ikasleekin egingo da eta arratsaldean, 18:00etan, Labeaga aretoan gainontzeko herritarrekin. Blanca Zaraguetak koordinatutako eta Jon Santamariak zuzenduriko dokumental horretan gazteria, migrazioa eta nortasuna jorratzen dira. Protagonistak beste herrialde batzuetatik etorritako familietan Gipuzkoan jaio edo hazi diren gazteak dira. Beraien testigantzetatik abiatuta, dokumentalak kultura aniztasunari, tradizioen arteko talkei, gainditzeko ahaleginari eta harrera lurrarekiko loturari buruzko erretratu intimoa egiten du.
Amaitzeko, ohikoa den bezala, hileko azken ostegunean, 26an, 17:30ean , Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko kideak elkartuko dira. Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia, lurraldeko edozein herritar, elkarte edo erakunderi irekita dagoen hausnarketa kolektiborako espazioa da.
Ekintza guztietan sarrera doakoa eta librea izango da.
Informazio gehiago behar duenak, 693 900 568 telefonora deitu edo aniztasuna@urretxu.eus helbidera idatzi dezake.













