Haurra galdu duten gurasoen testigantzekin mahai ingurua ostiralean, Latxar
Zine klub saioan emango duten 'Aitatxo' dokumentalaren ondoren izango da, 19:00etan, Latxartegin. Sarrera dohain da.
Anakortz Lasarte, 'Aitatxo' dokumentalaren ideia izan zuena eta protagonistetako bat Latxartegin izango da bihar, mahai inguruan. Legazpiko Udalak bat egin zuen joan den astean, urriaren 15ean ospatu zen Haurdunaldiko, Jaiotza inguruko eta Jaioberriko Doluaren Nazioarteko Egunarekin, eta udaletxea hainbat egunez kolore arrosaz eta urdinez argiztatzearekin batera, Aitatxo dokumentalaren biharko proiekzioa ere babestu du, Zine Klub Legazpi eta Esku Hutsik elkartearekin lankidetzan.
Izan ere, Legazpiko Udala oso inplikatuta dago jaiotza inguruan edo jaioberritan hil diren haurren doluarekiko sentsibilizazioan. Dolu horren inguruan sortutako Esku Hutsik elkartearekin harreman estuak ditu, eta hilerrian haur horiei eta familiei eskainitako Zu memoria lekua sortu zuen iaz. Gainera, aurten talde bat sortu dute dolu horretan familiei eta hurbilekoei laguntzeko.
Pelikularen proiekzioaren ostean, mahai ingurua egingo da, eta bertan ondorengoek hartuko dute parte: Maria Gonzalez, Esku Hutsik elkarteko lehendakaria eta saioa gidatuko duena; Virginia Marcos elkarteko dolu taldeko psikologoa; Iosu Elorza eta Oihana Zurdo, haurra galdu duen familia; eta Anakotz Lasarte, dokumentalaren jatorrizko ideiaren sortzailea eta protagonista.













