Astelehen arratsaldeko saioan Igor Legarreta zuzendariak eta Andoni de Carlos gidoilariak parte hartuko dute
Bihar (larunbatea), etzi eta astelehenean (ikuslearen eguna) Inurri itsuak euskal pelikula emango dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Egunero bi emanaldi izango dira, 19:30etan eta 22:00etan. Asteleheneko 19:30eko saioan Igor Legarreta zuzendariak eta Andoni de Carlos gidoilariak parte hartuko dute.
Inurri itsuak Ramiro Pinilla idazle bizkaitarraren Las ciegas hormigas eleberrian oinarrituta dago. Istorioa 1935ean gertatzen da. Ekaitz gogor baten ondorioz, barnean tonaka ikatz dituen itsasontzi ingeles bat hondartu egin da. Gauean, Algortako herritarrak kostaldean bildu dira urre beltza erreskatatzeko. Sabas Jauregik zorte kolpetzat jotzen du jazoera; Josefak (Sabasen emazteak), berriz, seinale txartzat. Josefaren erreguei jaramonik egin gabe, Sabasek ekaitzera eramango ditu semeak. Familiak pentsaezina egingo du negu gorritik salbatuko dituen ikatza babesteko… edo betiko kondenatzeko. Aktore nagusiak Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea eta Miren Gaztañaga dira.