ArcelorMittaleko LABek salatu du zuzendaritzak negoziazioak eten dituela
Biharko bi orduko lanuztea deitu du, eta langile guztiei eta sindikatu guztiei protestara batzeko deia egin die.
Olaberriko ArcelorMittalen 2020an egindako protesta baten irudia.Arkaitz Apalategi Olaberriko ArcelorMittal enpresako zuzendaritzak urriaren 17an negoziazioak etetea erabakitzea salatu du LAB sindikatuak. “Egoera jasanezin” horren aurrean, langile guztiei eta sindikatu guztiei biharko, urriak 26, deitu duen bi orduko lanuztearekin bat egiteko eta protesta ekintzetan parte hartzeko deia egin die. Lanuztea 13:00etatik 15:00etara egingo dute.
LAB sindikatuaren arabera, Olaberriko ArcelorMittaleko zuzendaritzak, “hilabete guzti hauetan negoziatzen eta mobilizatzen aritu ondoren”, bere azken proposamena bertan behera utzi eta negoziazioak eten ditu. “Negoziazioak irailean berreskuratu ziren astero, edukietan izandako aurrerapenari eta hitzartutako plantilla berritzeko neurriei esker. Baina hori guztia bertan behera geratu da, Olaberriarekin zerikusirik ez duten estatuko beste lantegi batzuetako negoziazio-mahaien esku-sartzearen ondorioz”, nabarmendu du ohar bidez.












