Eluska Sukia Arruabarrena zaldibiarra da Deeptek Fundazioaren zuzendari nagusi berria
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak sustatutako ekimen honen helburua da teknologia sakonetan (deeptech) oinarritutako enpresen sorrera eta hazkundea bultzatzea.
Eluska Sukia Arruabarrena zaldibiarra da Deeptek Fundazioaren zuzendari nagusi berria.Gipuzkoako Foru Aldundia Eluska Sukia Arruabarrena (Zaldibia, 1979) izango da Deeptek Fundazioaren zuzendari nagusi berria. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak sustatutako ekimen honen helburua da teknologia sakonetan (deeptech) oinarritutako enpresen sorrera eta hazkundea bultzatzea.
“Izendapen honek urrats garrantzitsua dakar fundazioaren garapenean, eta Gipuzkoaren ahalmen zientifiko, teknologiko eta industriala balio erantsi handiko enpresa-proiektu berriak sortzeko baliatzeko bi erakundeek egindako apustua indartzen du”, azaldu du aldundiak.
Sukiak 20 urte baino gehiagoko ibilbide profesional zabala du teknologiaren, berrikuntzaren, enpresa-estrategiaren eta inbertsioaren arloetan. “Bere profilak garapen teknologikoaren ezagutza sakona eta ikuspegi enpresarial eta inbertitzailea uztartzen ditu, ikerketaren eta merkatuaren arteko lotura indartzeko eta enpresa berrien hazkundea sustatzeko funtsezko gaitasunak eskainiz”.
Industria, teknologia eta inbertsioa uztartzen dituen ibilbidea
Deeptek Fundaziora batu aurretik, Eluska Sukia Arruabarrena Kutxa Fundazioko inbertsio zuzendaria izan da. 2020az geroztik, enpresa-inbertsioarekin, partaidetutako enpresen jarraipenarekin eta enpresa-egitasmoen laguntza estrategikoarekin lotutako hainbat ardura izan ditu.
Aurretik, 17 urte baino gehiagoz lan egin zuen CAFen, ikerketa eta garapenean, berrikuntzaren kudeaketan eta estrategia teknologikoan erantzukizun handiko karguak betez. Etapa horretan, industria-ingurunearen eta eraldaketa teknologikoko prozesuen ezagutza sakona eskuratu zuen.
Bere ibilbidean zehar, enpresa kontsolidatuen eta start-upen administrazio kontseiluetan parte hartu du, eta nazioarteko esperientzia ere pilatu du teknologia-ekintzailetzaren esparruan. Gaur egun, Creative Destruction Lab programako mentorea da, eta teknologia kuantikoetan eta adimen artifizialean espezializatutako start-upei laguntzen die.
Telekomunikazioetako ingeniaria da, eta enpresa-zuzendaritza, finantza, estrategia eta berrikuntzaren arloko prestakuntza exekutiboa jaso du Deustuko Unibertsitatean, INSEADen eta Boston Collegen.
Gipuzkoaren etorkizunerako “apustu estrategikoa”
Deeptek Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxa Fundazioaren ekimen partekatuaren emaitza da. “Bere helburua lurraldeko berrikuntza-ekosistema sendotzea eta ezagutza zientifiko eta teknologikoa enpresa-ekimen berritzaile bihurtzea da”.
Horretarako, fundazioak ikerketa-eragileak, zentro teknologikoak, enpresak, ekintzaileak eta inbertitzaileak elkarlanean jartzea sustatzen du, potentzial teknologiko handiko proiektuak nazioarteko proiekzioa duten enpresa lehiakor eta eskalagarri bihur daitezen.
Proiektuen heltze-prozesua bultzatzeko, Deeptek Fundazioak BIC Gipuzkoa du organo operatibo gisa, eta kanpoko adituen laguntza ere badu, proiektuak ikuspegi teknologikotik, merkatuaren ikuspegitik eta finantza-ikuspegitik ebaluatzeko. Eredu horri esker, ekimen berritzaileak modu integralean garatu eta enpresa-proiektu bideragarri bihurtzeko beharrezko laguntza eskaintzen da.
“Ekimen hori etorkizuneko ikuspegi batetik sortu da, hain zuzen ere zientzia, teknologia eta ekintzailetza eraldaketa ekonomikoaren, kalitatezko enpleguaren sorreraren eta lurraldearen lehiakortasunaren motor gisa ulertzen dituen ikuspegitik”.
Sukia zuzendaritza nagusira iristearekin batera, Deeptek Fundazioak “bere gaitasuna indartzen” duela adierazi du aldundiak, helburu horietan sakontzeko eta Gipuzkoa teknologia sakonen arloko erreferentziazko ekosistema gisa sendotzen laguntzeko.












