Bellotako Enpresa komiteak mobilizazioak deitu ditu bost langileren kaleratzeen aurrean
Joan den ostiralean hasita, elkarretaratzeak egiten ari dira eguerdian lantegiko sarreran. Asanblada egingo dute ostegunean, datorren asteko ekintzak zehazteko.
Joan den ostiraleko elkarretaratzea, lantegiko sarreran.Gotzon Aranburu Bellotako Enpresa Komiteak deituta, mobilizazioak egiten ari dira Legazpiko lantegian, bost langileren kaleratzea salatzeko. Joan den ostiralean hasita, elkarretaratzeak egiten ari dira lantegiko sarreran, 13:30etik 14:30era bitartean. Ostegunean asanblada egingo dute, datorren asteko mobilizazioak zehazteko.
Enpresa Komiteak azaldu duenez, arrazoi ekonomikoak eta ekoizpenekoak argudiatu ditu Bellotak kaleratzeak justifikatzeko, baina langileen ordezkariak ez daude ados emandako arrazoi horiekin, eta kaleratutakoak berriz hartzeko eskatu dute. “Industria Zuzendaritzak hartutako erabakiak dira enpresa amildegira eramaten ari direnak”, diote.
Egin dituzten inbertsioek produktua garestitu besterik ez dutela egin azaldu dute. “Inbertsio horiek egin baino lehen, Erreminta adarreko ekoizpena errentagarria zen, eta orain, milioika euro inbertitu ondoren ez dela errentagarria arrazoitzen dute”.
Komite Enpresak Zuzendaritzari behin baino gehiagotan azaldu dizkio “Industria Zuzendaritzaren gaitasun eza eta kudeaketan egindako akats nabarmenak”.
“Enpresaren asmoak ez badira geldiarazten, langileek ordainduko dituzte Zuzendaritzaren akatsak”, Komitearen ustetan.












