Mirandolako taberna berriz ere martxan astelehenetik aurrera
Oñatiko Pakeleku ustiatzen duen ostalari taldeak hartu du ardura. Egunero egongo da irekita, gosari, bazkari eta afarietarako.
Mirandaolako tabernak ateak irekiko ditu berriz ere hurrengo astelehenean, azaroak 2. Oñatitik datorren ostalari talde batek hartuko du ardura oraingoan. Herri horretako gizarte zentroko Pakeleku taberna daraman taldea da, eta ilusioz beterik eta lan egiteko gogoz igo dute Udana.
Virgina Flores, Alex Hernandez, Massiel Agirre, Johan Alexander Obando eta Aitor Pizarro dira talde horretako kideetako batzuk. Kanpoko jatorria dute guztiek, hamar urte inguru daramatzate Oñatin, eta duela bi urte pasa hasi ziren Pakelekuko ardurarekin. Ordutik, tradizioz jubilatuen taberna izan denari izaera irekiagoa eman diote, eta herriko erreferenteetako bat bihurtu dute eskaintzen dituzten pintxoei esker, batez ere Oñatin tipikoa den arrain orlyarekin. Bazkariak eta afariak ere eskaintzen dituzte, eta gaur egun hor jateko, aurrez erreserbatu egin behar da.
Bezeroen fidelizazioa
Horrelako erreferentziak ditu Mirandaola martxan jarriko duen taldeak, eta ostalaritzan esperientzia handia gainera. Argi dute negozio baten hasierak «beti gogorrak» izaten direla, «baina pazientziarekin, pertseberantziarekin eta lana ondo eginda» aurrera egiteko asmoa dute. Ausardiarik ez dutela falta ere esan dute.
Inguruko enpresetako langileak jarri dituzte jomugan negozio berriari begira, bazkari kontuetarako bereziki, baina orokorrean, «herria konkistatu» nahi dute. Horretarako armak «euskal produktuak eta kalitate onekoak» izango dira. Salda, pintxo beroak, odolkiak, babarrun janak, bazkariak eta afariak eskainiko dituzte, baita kafea ere, «merkatuko onena, txigorketa naturalekoa, eta maitasun handiarekin prestatutakoa», baina batez ere, «gertuko tratua eta zerbitzu ona, bezeroa berriz itzultzeko gogoarekin geratu dadin». Azken batean, bezeroak fidelizatzea nahi dute, eta horretarako bitartekoetako bat euskara ere izango da, ikasten ari baitira guztiak.
Plan ugari
Adin tarte guztietako bezeroak lortu nahi dituzte, eta planez beteta daude horretarako. Adibidez, nagusientzako bingoa egiteko asmoa dute, baina «askoz ere ideia gehiago ditugu». Pintxo-potea ere egingo dute, eta tabako makina bat jartzeko asmoa ere badute, «ondoko lantegietako langileentzat, eta inguruko bizilagunentzat».
Mirandaola herritik aparte dagoela badakite, baina distantzia hori aldi berean abantaila bat dela uste dute, «kokapena nahiko pribilegiatua delako, parke zoragarri baten barruan egonda, eta burdinola bezalako baliabide turistikoaren ondoan».
Mirandaolako taberna berria egunero egongo da irekita, 10:00etatik aurrera, baita asteburuetan ere. Astelehena izango da lehen eguna, Mari Domingiren eta Olentzeroren bisiten kanpainaren atarian.
Astelehenean, pintxoa opari
Gutxi falta da irekierarako, eta azken orduko prestaketa lanetan daude murgilduta. Asteleheneko 10:00etan da hitzordua, eta legazpiar guztiak daude gonbidatuta. Gerturatzen direnei pintxo bat emango diete opari lehen egun honetan.
Ondoren, Mirandaolak ateak irekita izango ditu gosari, bazkari eta afarietarako. Erreserbak egiteko 747 422 897 zenbakia dute, eta Instagram kontua ere badute: @mirandaolalegazpi.












