Sagarrak erosteko aitzakiarik ez
Romaneskua iritsi da, azaren familia osatzera, eta oraindik falta den Brusela azari lekua gordeta.
Plaza Nagusiko saltzaile batek esan du gaur garai honetan baratzak ez dituela produktu berri askorik ematen, eta gutxiago emango dituela aurrerantzean, ilarrak eta babak hasi arte. Berritasun garrantzitsurik ez da agian iritsiko datozen asteetan Ordiziako feriara, baina tarteka ikusiko da bat edo beste. Gaur bertan, bat: romaneskua. Azaren familia handitu egin da horrela, eta aza liso eta kixkurrei, azaloreei, brokoliei eta kale azari gehitu zaie, oraindik iritsi ez diren Brusela azei ere lekua gordeta. Romaneskua Anttoni Murgiondok izan du salgai, unitatea 2 eta 3 euro artean.
Natalia Magallanesek ere aurkeztu ditu produktu berriak, horietako bat azaren familiakoa gainera: kale aza morea. Sortaka zuen salgai, sorta 2 euroan. Postu berean mizuna edo ziape japoniarra ere jarri du gaur salgai lehenengoz, eta 100 gramoko sorta 1,5 euroan saldu du.
Gau Beltza eta Santu Guztien eguna
Kuia ikusgarriak ere bazituen aukeran Magallanasek, laranja kolore bizikoak, eta berriak ez ziren arren, gaur protagonismo pixka bat hartu dute, asteburuan ospatuko den Gau Beltzaren erruz. Baina Magallenesek zituen kuia horiek, Etampes motakoak, ospakizun horretarako baino gehiago, jateko dira aproposagoak.
Gau Beltzaren ondorengoa Santu Guztien Eguna da, tradizioaz hilerrian daudenak bisitatzekoa. Egun horri begira Iñaki Azanzak lore landarean eta lore zentroak zituen salgai, eta bezero askok bertan erosi badituzte ere, gero Zaldibian duen mintegian jasotzeko enkarguak ere egiteko aukera izan da. Oraindik enkargu gehiago ere egin daitezke bertan.
Sagar aukera zabala
Kuia da, hain zuzen, garai honetako produktu izarretako bat, baina baita sagarra ere. Fruta hori erosteko aukera zabala dago Plaza Nagusian, Jose Antonio Elosegiren eta Simon Aizpururen postuetako eskaintzari erreparatuta.
Errezila, erreineta grisa, idarret, dalinette, bella boskoop, elstar eta topaz moten artean aukeratu daiteke bien artean, eta mota gehiago ere badaude beste saltzaile batzuen postuetan. Sagar kiloa 3,5 euroan dago.
Onddo ugari, eta lehen orburuak
Garestiago daude perretxikoak, onddo eskaintza asko handitu den arren. Asko ugaritu da inguruan, eta azokara ere iritsi dira kilo batzuk. Horiek eta Lasarenak eta Barcinarenak batuta, 250 kilo eskaini dituzte gaur guztira, kiloa 15 eta 38 euro artean. Izan dira perretxiko gehiago ere salgai: 23 kilo ziza hori, kiloa 25 euroan; bost kilo mendiko angula, 33 euroan; eta bi kilo saltsa perretxiko beltz, 22 euroan.
Fruta saltzaileenetara, berriz, Nafarroako orburua iritsi da, eta Iriarteren postuan, dozena 12,9 euroan izan dute salgai.
Bi talde, bisitan
Bisitariak, azkenik, izan dira gaurkoan ere, eta azoka eta inguruak ezagutzen ibili dira bi talde, D’Elikatuz zentroko gidariek lagunduta. Donostiako Basque Culinary Centerreko ikasle taldea izan da horietako bat, eta bestea, Zarauzko La Salle ikastetxeko LH-2ko ikasle gaztetxoak.














