Ahotsak batu zituen herriak
1989an ezagutu zuten elkar Zegamako Orkatz abesbatzak eta Sant Sadurni D´Anoiako Coral Sant Sadurnik. Harreman horretatik etorri zen gero bi udalerrien arteko senidetzea.
Coral Sant Sadurni eta Orkatz abesbatzako kideak 1989an, Zegamako frontoian, lehendabiziko elkartrukean. Orkatz Hamar urteko etenaren ondotik, Zegamako Orkatz abesbatza eta Sant Sandurni D´Anoiako (Herrialde Katalanak) Coral Sant Sadurni berriz elkartuko dira kontzertu batean asteburu honetan. Ostiralean eta larunbatean Zegaman ospatuko duten 12. Cava Festa izango da topaketaren agertokia eta Jabier Otaegi Orkatz abesbatzako zuzendari zenari omenaldia egingo diote, bere heriotzaren 10. urteurrenean.
1989an hasi zen bi abesbatza hauen arteko harremana, Bergarako Aritzeta abesbatzak antolatu zuen abesbatzen arteko topaketa batean. Ainitze Azurmendi Orkatz abesbatzako lehendakariak gogoratu duenez, Gipuzkoako beste herrietan kanpoko abesbatzak hartuko zituen jendea behar zuten. Azurmendi umea zen artean, baina gogoan du Zegamako etxeetan hartu zituztela Sant Sadurniko abesbatzako kideak: «11 urte nituen orduan, baina gogoan dut gurasoen etxean hartu genituela abesbatzako kide batzuk. Gaur egun oraindik harremana mantentzen dugu familia horrekin». Urte hartako maiatzean izan zen Bergarako topaketa, baina apirilean Sant Sadurnin izan ziren Zegamakoak abesbatza katalanak gonditatuta.
Hamar urteko etena
Cavaren hiriburuan zegamarrak eta Zegaman katalanak zuztarrak bota zituzten eta harremanak bizirik dirau 37 urte eta gero. Lehenengo topaketa hartatik beste batzuk etorri ziren gero: 1992an Sant Sadurnin eta 1993an Zegaman; 1997an Santo Domingo de Silosen elkartu ziren bi abesbatzak. 2004an beste bi topaketa egin zituzten, eta harreman horien emaitza izan zen bi udalerrietako udalek 2006an hitzartu zuten senidetzea. Bi abesbatzek noski, parte hartu zuten bai Zegamako, nola Sant Sadurniko ekitaldi ofizialetan.
Bi abesbatzen lehenengo topaketaren 25. urteurrena ospatzeko ospakizunak egin zituzten gero Sant Sadurnin, 2015eko urrian eta Zegaman, 2016ko maiatzean. Garai hartan Jabier Otaegik zuzentzen zuen Zegamako abesbatza eta maiatzeko emanaldia zuzentzen ari zela zendu zen kontzertuaren erdian: «Oso gertaera latza izan zen bi abesbatzentzat».
Hamar urteko izoztea ekarri zuen zoritxarreko gertaera hark, orain arte. Aurten 10 urte bete dira Jabier Otaegi hil zela eta harremanari berriz heltzea erabaki zuten Orkatzekoek, «etortzeko gonbidapena egin genien, aurreko etapa itxi eta berri bati hasiera emateko», dio Azurmendik; eta Sant Sadunikoek «esku zabalik» onartu dute gonbidapena.
Jabier Otaegi gogoan
55 laguneko taldea joango da Zegamara, «joan-etorri azkarra izango da, larunbatean etorri eta igandean itzuliko dira». Larunbatean elkarrekin bazkaldu eta 19:00etan eskainiko dute gero kontzertua San Martin elizan. Bi abesbatza hauez gain Orkatz Txiki ere arituko da kantuan, Et Incarnatus orkestraren laguntzarekin. Otaegiri omenaldi «xumea» egingo diote, «Jabierrek konposatutako eta moldatutako abestiak abestuko ditugu», aurreratu du Azurmendik. Egunari amaiera emateko Cava Festara gerturatuko dira elkarrekin afaltzeko.
Etxera itzuli aurretik, igandean Zegamako Egur museora eta Xabier Azurmendiren gaztandegira bisitak antolatu dituzte, bi abesbatzak etapa berriari hasiera emateko.
- Zegamako San Martin elizan eskainitako kontzertua 2004an.
- Bi abesbatzak 2004an Sant Sadurnin.
Bi egun, festa giroan Sant Sadurniko cava onenak dastatzeko
Ostiralean 20:00etan emango diote hasiera Cava Festari, herriko frontoian, eta larunbatean errepikatuko dute ordu eta leku berean. Guztira, 9 cava ezberdin dastatzeko aukera izango da eta jatekoa Txomin Parrilak eskainiko du. Aurtengo upategi gonbidatua Corpinatt izango da.
Frontoia goizaldeko 01:00ak arte egongo da irekita bi egunetan eta giroa alaitzeko musika emanaldiak ere izango dira. Jo Motel txaranga arituko da ostiralean eta GTI taldean larunbatean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzu bereziak ere jarri ditu Cava Festaren harira. Ostiralean 00:10ean eta 01:55ean irtengo dira autobusak Zegamatik eta Segura, Idiazabal, Olaberria, Beasain, Ordizia, Arama, Itsasondo eta Legorretan egingo ditu geldialdiak. Larunbatean ohiko gaueko ordutegian izango da autobus zerbitzua.














