Aisialdiko eta kirol arloko euskarazko prestakuntzarako dirulaguntzak, Ordizian
Aisialdiko begirale eta zuzendarien titulua lortzeko eta euskarazko kirol prestakuntzarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu berri du Ordiziako Udalak. Abenduaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
Ordiziako udaletxea.Loinaz Agirre. Aisialdiko begirale edo zuzendari titulua lortzeko prestakuntza egin duten herritarrentzat dirulaguntzak eskuratzeko deialdia zabaldu berri du Ordiziako Udalak, baita euskarazko kirol prestakuntza ikastaroak egin dituzten kirol arloko hezitzaile eta entrenatzaileentzat ere. Helburua da euskarazko prestakuntza sustatzea eta aisialdiaren zein kirolaren esparruan euskararen erabilera indartzea. 1.000 euroko aurrekontua bideratu du udalak, eta eskabideak 2026ko abenduaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dituzte interesdunek Herritarren Arreta Bulegoan (Kale Nagusia 26, behea), 08:00etatik 13:30era, edo online, www.ordizia.eus webgunearen bidez.
Begirale eta zuzendarien kasuan, 2024-2025 edo 2025-2026 ikasturteetan prestakuntza amaitu duten Ordiziako herritarrek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, eta kirol arlokoenean, berriz, euskarazko ikastaroak egin dituztenek eskatu ahal izango dituzte, baldin eta Ordiziako kirol klub bateko entrenatzaile edo hezitzaile badira edo Ordizian erroldatuta badaude. Ikastaroek euskaraz emanak eta Eusko Jaurlaritzak homologatuak izan behar dute, nahitaez. Aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroen kasuan, gainera, atal teorikoa eta praktikoa gainditu behar dira.
Informazio gehiago eta eskabideak aurkezteko baldintzak Ordiziako Udalaren webgunean kontsulta daitezke.












