Hildako CAFeko langile ohi baten familiak 206.492 euro eskatu dizkio CAFi
Astelehenean, azaroaren 2an, ordu erdiko elkarretaratzea deitu du Asviamie elkarteak Donostiako Epaitegien aurrean, 09:15ean.
Amiantoaren biktimen aldeko elkarretaratzea Beasainen, CAFeko enpresa batzordeak deituta, 2023an.Ariane Vierbücher Asviamie Euskadiko amiantoaren biktimen elkarteak jakitera eman duenez, hildako CAFeko langile ohi baten familiak 206.492 euro eskatu dizkio CAFi kalte-galerengatik. H.B.S. langileak 1974 eta 1986 urteen artean egin zuen lan enpresan tornulari gisa, elkarteak azaldu duenez amianto zuntzekiko esposizioan. 2024ko irailean mesotelioma pleurala diagnostikatu zioten Nafarroako Unibertsitate Ospitalean.
Amiantoaren biktimen elkarteak adierazi du langileak esposizio hori jasan zuela CAF enpresan lan egin zuen tartean, 144 sekzioan. “Amiantoa bagoien muntaketan isolatzaile gisa erabiltzen zen, eta H.B.S-ren postua 330 metrora zegoen”. 144 sekzioan lan egindako “gutxienez beste langile batek patologia bera garatu zuen garai berean” elkartearen esanetan.
2025eko otsailean Nafarroako Osasun Zerbitzuak patologiaren inguruko txosten bat argitaratu zuen, eta horren arabera, mesoteliomak lan-esposizioarekin lotura izan dezake: “Mesotelioma amiantoarekiko esposizioaren markatzailerik onena da, biztanleria orokorrean neoplasia bereziki arraroa delako eta faktore arrisku nagusia esposizio hori delako”, zehaztu zuten txostenean.
Amiantoarekiko esposizioa “enpresak prebentzio neurririk hartu gabe” eman zela salatu du Asviamiek. Astelehenean, azaroaren 2an, ordu erdiko elkarretaratzea deitu du Donostiako Epaitegien aurrean, 09:15ean.












