Oria ibaiaren ertzak leheneratzeko 74 zuhaitz landatu dituzte
Helburua "ibaiertzeko berezko basoa indartzea" dela azaldu du udalak, "itzala sortuz, uraren kalitatea hobetzen lagundu eta bertako animalientzat babesleku naturalak eratuz".
Langile bat zuhaitz bat landatzen.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Oria ibaiaren ertzak leheneratzeko 74 zuhaitz eta zuhaixka landatu dituzte Beasainen. Lau gunetan landatu dituzte, aurretik landare inbaditzaileak kendu ziren lekuetan: kiroldegiko igerilekuen eta aparkalekuaren artean, Joan Iturralde kalean, Bideluze plazan zubiaren inguruan eta Jose Migel Iturriotz kalean.
“Esku-hartze honekin borobildu dira udan zehar ibaian egindako garbiketa sakonak eta ibarbaso naturalari kalte egiten dioten landare arrotzen kentze-lanak”, azaldu du udalak. Helburua “ibaiertzeko berezko basoa indartzea” da, “itzala sortuz, uraren kalitatea hobetzen lagundu eta bertako animalientzat babesleku naturalak eratuz”.
Kiroldegiko igerilekuen eta aparkalekuaren artean ibaiko ezpondari eusteko hurritzak sartu dira, Joan Iturralde kalean, ibaiaren bi alboetan landare arrotzak kendu ostean, 38 ale landatu dira (haltzak, hurritzak, zuhandorrak eta astigarrak), Bideluze plazan, zubiaren inguruan, 24 zuhaitz eta zuhaixka berri jarri dira (erramuak, haltzak, hurritzak, zuhandorrak, astigarrak eta sahats-adarrak), eta Jose Migel Iturriotz kalean erramuak, hurritzak eta astigarrak landatu dira.
Landaketak egin aurretik, garbiketa lanak egin zituzten. Uretatik eta ertzetatik zaborra atera zuten eta landare inbaditzaileak kendu zituzten. Ahalegin nagusia bi landaretan egin dituzte: topinaburua edo frantses patata eta budleia edo tximeleta-zuhaixka. “Lan hauek modu mekanikoan egin dira beti, herriko ibaira inolako herbizida edo produktu kimikorik bota gabe; eskuz sustraitik aterata edo motozerraz moztuta”, nabarmendu du udalak.













