Zumarragarekin lotutako gradu eta master amaierako lanak egin dituzten gazteak saritu dituzte
Zumarragako Udalak herriarekin lotutako gradu eta master amaierako lanak egin dituzten gazteak saritu ditu. Zazpi lan aurkeztu dira eta sei saritu dituzte. Gizarte eta Lege Zientzietan lehen saria Maddi Villalain Robredok eskuratu du eta akzesita Eider Rueda Lopezek, Arteak eta Humanitateak sailean lehen saria Unai Alvarez Aboniesek irabazi du eta akzesita Josune Caselles Agirrek eta Osasun Zientzietan lehen saria Leire Viedma Telleriak eskuratu du eta akzesita Alazne Rodriguez Iturbek.
Gizarte eta Lege Zientzietan hiru lan aurkeztu dira eta Arteak eta Giza Zientzietan eta Osasun Zientzietan bina. Ingeniaritza eta Arkitektura kategoria hutsik geratu da. Lehen saria 1.000 eurokoa da eta akzesita 300 eurokoa. Egitasmo honen helburua unibertsitateko ikasleen ahalegin akademikoa eta ekonomikoa aitortzea eta haien ikerketek komunitateari onura nabarmenak ekarriko dizkiotela ziurtatzea.
Hori dela eta, lanak argitaratu egin dira eta Zumarragako liburutegian eta udalaren webgunean eskuragarri izango dira. Gainera, egileek aurkezpen publikoak egingo dituzte. Aurkezpen guztiak Zelai Arizti kultur etxean izango dira, 18:30ean.
Gizarte eta Lege Zientzietako aurkezpena datorren asteartean izango da (azaroak 3). Maddi Villalain irabazleak Soziologiako eta Zientzia Politikoko eta Kudeaketa Publikoko gradu bikoitza egin du eta Minbizia garaian zaintzea: emakumeen bizipenak normaltasunaren hausturaren aurrean lana aurkeztu du. Katxalin elkarteko herriko kideekin elkarlanean garatutako ikerketak, bularreko minbiziak emakume zaintzaileen bizitza, haien harreman sozialak eta laguntza sareak nola eraldatzen dituen aztertu du.
Akzesita lortu duen Eider Ruedak, berriz, Gizarte Langintza ikasi du. Gizarte Lana eta emakumeen genitalen mutilazioarekin lanketa soziosanitarioa: prebentzioa eta esku hartzea lana aurkeztu du. Goierri Urola Garaiko ESIko profesionalen laguntzarekin egin du. Izan ere, gure artean ere genitalen mutilazioa pairatu duten emakumeak daude. Ikerketak gizarte eta osasun arloko profesionalek emakumeen genitalen mutilazioaren prebentzioan eta detekzioan duten zeregina aztertzen du.
Arteak eta Humanitateak kategoriako bi lanen aurkezpena azaroaren 10ean izango da. Unai Alvarez irabazleak Historia eta Ondare gradua egin du. Lehiaketara Zumarragaren konformazioa Gipuzkoako testuinguruan trenbide korapilo gisa lana aurkeztu du. Ikerketak tren lina ezberdinen bat egiteak Zumarraga nola eraldatu zuen aztertzen du, haren industrializazioa eta hiri hazkundea eta nortasun kolektiboaren eraketa bultzatuz.
Akzesita eskuratu duen Josune Casellesek Sorkuntza eta Diseinuko gradua egin du. Bere lanaren izenburua Zumarragako konpainia berria da. Proiektuak 18 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako danborrada konpainia berri bat sortzea proposatzen du, identitate bisual eta jantzi propioak izango dituena, gazteen parte hartzea zabaltzeko eta tokiko kultur tradizio hau indartzeko. Azaroaren 10eko aurkezpenean, Casellesek konpainiaren izena eta jantzia aurkeztuko ditu, besteak beste.
Bukatzeko, Osasun Zientzien kategoriako aurkezpena azaroaren 17an izango da. Leire Viedma irabazleak Erizaintzako gradua egin du eta lehiaketara Etorkinen antsietatearen prebentzioa: lehen mailako arretarako osasun programa baten diseinua lana aurkeztu du. Esku hartze psikosozial indibidualizatua eskaintzeko proposamena diseinatu du, Zumarragako etorkinen artean antsietatea prebenitzeko, kontuan hartuta hizkuntza oztopoak, egoera sozioekonomikoa eta tokiko baliabideetarako sarbidea.
Akzesita eskuratu duen Alazne Rodriguezek, berriz, Erakundeen Psikologia eta Esku Hartze Psikosoziala masterrerako egindako lana aurkeztu du. Gazteen ahotsa: Zumarragako kulturarteko elkarbizitzarako gida proposamena da lanaren izenburua. Ikerketak jatorri ezberdineko Zumarragako gazteen arteko harremanak aztertzen ditu eta lotura sendoak eraikitzeko zailtasunak identifikatzen ditu, topaketa, parte hartzea eta kulturen arteko bizikidetza sustatzeko neurriak proposatuz.
Sarituen zerrenda gaur eman da ezagutzera. Ekitaldian Iñaki Mendiluzek eta bi sarituk parte hartu dute: Leire Viedmak eta Josune Casellesek.












