Artisauen lana ikusarazi dute Aramako lehen udazkeneko azokan
[ARGAZKIAK] Herritarren elkargune izatea eta artisau bakoitzaren lana ikusaraztea izan dira antolatzaileen helburuak. Horretarako, artisauetako asko momentuan produktuak sortzen eta lantzen egon dira.
Hiru herritar postuetako bat behatzen.Laida Goiburu Udaberrian sortzaileen azoka egin ondoren, gaur urriak 31 artisau azoka izan da Araman, hainbat herritarren ekimenez eta udalaren zein Gaztaintxota kultur elkartearen laguntzarekin antolatuta. Lehenengo aldiz egin dute udazkenean horrelako azoka bat.
Udaberrian bezala, sormenaren eta artisau lanaren erakusleiho izan da Arama, baina udaberrian ez bezala –orduan plaza eta udaletxe pare inguruan egin zen–, oraingoa frontoi ondoko plazan jarri dituzte postuak. Eguraldi eguzkitsua atera da eta giro aparta izan da, goizetik eguerdira.
Artisauen produktuak ikusgai jartzeaz gain, herritarren elkargune izatea eta artisau bakoitzaren lana ikusaraztea izan dira antolatzaileen helburuak. Horretarako, artisauetako asko momentuan produktuak sortzen eta lantzen egon dira. Aramarrak ez ezik, inguruko herrietakoak ere gerturatu dira azokaz gozatzera.
Ilustrazioak, lore lehorrak, ogi ekologikoa, bitxiak, kandelak, oihalezkoak, panpiak, gantxilloa, zeramika… askotariko produktuak jarri dituzte ikusgai. 23 artisauk parte hartu dute, horietatik hiru aramarrak: Ana Gorostizu (Mairi), Manu Unanue eta Valentina Yañez (Cinamon).












