Gaurik beltzenari beldurrik ez
[ARGAZKIAK] Goierrin, Araman, Ataunen, Beasainen, Ezkion, Gabirian, Idiazabalen, Itsasondon, Legazpin, Legorretan, Ordizian, Ormaiztegin, Urretxu-Zumarragan eta Zaldibian antolatu dituzte ekitaldiak haurrentzat.
Haur bat mozorrotuta, gaur Beasaingo Igartzako jauregian.Laida Goiburu Bihar Santu Guztien Eguna, eta gaur Arimen Gaua edo Gau Beltza. Udazkenetik negura igarotzeko garaian, egun geroz eta ilunagoak datozenaren seinale izaten dira biak ala biak. Gau Beltzak indarra hartu du Euskal Herrian azken urteetan, eta geroz eta herri gehiagotan ospatzen da, baita Goierrin ere.
Kalabazak edo udazkeneko barazkiak hustu, aurpegi itxura eman eta barrutik kandelak piztea, trapu zaharrekin mamu itxurako mozorroak sortzea, arima ilunak uxatzeko erratzak egitea… Ekintzak bertsuak dira herri batean edo bestean azken finean, eta denak heriotzarekin estuki lotutako giroan egin ohi dira: arimak, fantasmak, hildakoak…
Goierrin, Araman, Ataunen, Beasainen, Ezkion, Gabirian, Idiazabalen, Itsasondon, Legazpin, Legorretan, Ordizian, Ormaiztegin, Urretxu-Zumarragan eta Zaldibian antolatu dituzte ekitaldiak haurrentzat, urteko gaurik beltzenean modu batera edo bestera gozatu dezaten.
Beasainen –argazkietan–, Igartzako Monumentu Multzoan haurrentzako eskulan eta marrazki tailerrak egin dituzte, adinka banatuta. Igartzako burdinolan eta jauregian, kalabazak eta kandelak mozteko edo marrazteko eta mozorrorako oihalak prestatzeko aukera izan dute.












