Hilerriak lorez bete dira aurten ere
Santu Guztien eguna joandako senitartekoak eta lagunak gogoratzeko izaten da, eta hilobiak apaintzeko ohitura ez da oraindik eten, gazteen artean galtzen ari dela dirudien arren.
Atzo ospatutako Santu Guztien egunak herritar ugari hurbildu ditu beste behin hilerrietara, senitartekoak eta lagunak gogoratzeko, haien hilobiak txukuntzera, eta loreekin apaintzera.
Goierrin ere izan du oihartzuna atzoko egunari lotutako ohiturak, eta aurreko egunetan hasita, herritarren hilerrirako joan-etorria nabaria izan da. Hainbat tokitan, udalek autobusak edo garraio zerbitzu bereziak jarri dituzte gainera.
Aspaldiko ohiturak ez du garai batean zuen indarrik, eta gazteen artean galtzen ari dela dirudi, baina atzo hilerriak lorez bete ziren berriz ere.













