'Palestinara Arte' pintura erakusketa irekiko dute ostegunean Bonberian
Palestina hitzak iradokitzen diena margotu dute Bear elkarteko 30 bat kidek erakusketarako. Azaroaren 9an ekitaldi berezi bat egingo dute: elkarretaratzearen ondoren, bisita gidatua izango da sortzaileekin.
Beasain Palestinarekin herri ekimeneko kideak, ezker-eskuin: Joxe Goikoetxea, Ekaitz Goikoetxea, Pitxu eta Elena Sanchez, udaletxeko batzar aretoan.Laida Goiburu Beasain Palestinarekin herri ekimenak eta Bear pintura elkarteak elkarlanean antolatuta, Palestinara Arte izeneko pintura erakusketa irekiko dute ostegunean, azaroaren 5ean, Bonberia eraikinean. Palestina hitzak iradokitzen diena margotu dute Bear elkarteko 30 bat kidek erakusketarako.
Udaletxeko batzar aretoan eman dute egitasmoaren berri Palestinaren aldeko herri ekimeneko kideek. Joxe Goikoetxeak palestinar herriak bizi duen egoera ekarri du gogora aurrena, eta agertu du Palestinak bizi duen egoera larriak presentzia galdu duela komunikabideetan: “Azkenaldian badabilkigu ideia bat, Palestinari begira ez ote zaigun begirada lausotu, itsutu, edo hilotz bihurtu. Erreparatzen badiogu indar mediatikoari, apenas tratatzen da gai hau, eta, munduan zehar manifestazioak eta elkarretaratzeak ematen diren arren, beldur naiz ez ote diogun nahiko modu puntualean heltzen kontuan izanda egoeraren larritasuna zenbaterainokoa den”.
Astelehenero, isiluneak
Datu batzuk eman ditu ondoren: erailak 74.000 dira azken datuen arabera, zaurituak 175.000 eta horietako asko mutilatuak; 54.000 haur inguru umezurtz geratu dira. Duela urtebete, 2025eko urriaren 10ean, su etena ezartzeko hitzarmena sinatu zen, baina ez da su etenik izan eta Israelek genozidioarekin jarraitzen duela nabarmendu du herri ekimeneko kideak: “Halako sasi-burlazko hitzarmen bat eman zen, bake hitzarmen modura saldu nahi zitzaiguna”. Bonbardaketez gain, salatu du genozidioa beste modu batzuekin ere gauzatzen dutela: laguntza humanitarioaren –janari, sendagai– kontrola, ur horniduraren kontrola edota ekoizteko beharrezkoak diren lursailen kontrola. Gazan ez ezik, palestinarrak Zisjordanian, Jerusalen ekialdean eta Libanon ere badirela gogoratu du.
Testuinguru horretan, “larritasuna ikusita”, duela urtebete pasatxo astelehenero 19:00etatik 19:15era Zubimusu plazan elkarretaratzeak egiten hasi zen herri ekimena, Ekaitz Goikoetxea kideak azaldu duenez, “maiztasunez, iraunkortasunez eta eraginkortasunez”. Elkarretaratze isilak egiten dituzte, sinisten dutelako “edozerk eraginkorra izango bada isiltasuna behar” duela: “Isiltasunak laguntzen duelako nork bere buruarekin konektatzen eta behin nork bere buruarekin konektatu ondoren beste edonorekin edozein enkontru ahalbidetzen, kasu honetan palestinar herriarekin”.
Hitz bat, begirada asko
Asteroko elkarretaratzeez gain, beste zenbait ekintza antolatu izan dituzte, hala nola, iazko abenduan Palestinan bizi izandako Amaia Elortzaren hitzaldia edo eskualde mailako manifestazioa. Eta aurten, pintura erakusketa martxan jartzea erabaki dute. Ostegunean hasi eta azaroaren 15era bitartean egongo da ikusgai. Bear elkarteko adin askotako 30 bat ikaslek sortu dituzte koadroak, askotariko estilotakoak. “Ederra da bertaratzen garenon begietatik ikustea artistek nork bere begiradatik Palestinari ze irudi eskaini dion”.
Astegunetan 18:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Azaroaren 9an, astelehenez, ekitaldi berezi bat egingo dute: elkarretaratzearen ondoren, Zubimusutik Bonberiara elkarrekin joango dira, eta bisita gidatua izango da sortzaileekin. Antolatzaileek goierritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Eta proposamen bat ere egin dute: erakusketa gunean kutxatxo bat jarriko dute koadroek iradokitzen dutenari hitz batzuk jartzeko: “Poematxo bat, esalditxo bat, iritzi bat… zernahi”.













