25. urteurrena artearekin lotuko duen erakusketa irekiko dute ostiralean
Goierriko diziplina anitzeko lau artistak ondo dute erakusketa. Zaharberritzearen inguruko bisita gidatuak osatuko du eskaintza.
Museoaren 25 urteak ospatzeko urrian egin zuten bazkaria.Josune Zarandona Igartubeiti baserri museoaren 25. urteurrenaren harira, Denbora esku artean izeneko erakusketa inauguratuko dute ostiral honetan. Urteurreneko ospakizunei lotuta, bisita gidatu berezia ere antolatu dute larunbaterako, non baserriaren zaharberritze prozesuaz arituko diren. Bi ekintzak Ondarearen Europako Jardunaldien baitan antolatu dituzte.
Ostiralean inauguratuko duten erakusketa Igartubeitik urte guzti hauetan eskualdeko artistekin izan duen elkarlanaren isla da; «euskal baserriaren ondarea kontserbatzen, ikertzen eta zabaltzen aritu gara urte guzti hauetan eta, aldi berean, inguruko artisauekin lankidetza estuan aritu gara, jakintza tradizionalaren eta sorkuntza garaikidearen arteko topaguneak sortzeko eta egungo erronkei heltzeko asmoz».
Lau artista goierritar
Erakusketa baserrian lantzen diren lau diziplina batzeko helburuarekin sortu dute: zeramika, lihoa, artilea eta saskigintza. Hala, Goierriko lau emakume artisauk egindako obrak bildu dituzte ostiraletik aurrera ikusgai jarriko duten erakusketan: Jone Urain eta Maite Salutregi, Pott keramika zeramikan; Leire Santillan diseinatzailea, Ur estudio-tailerra lihoarenean; Sandra Cliville, Maduixagorria tailerra artilearenean eta Itziar de la Granja, Zumitzi saskigintzan.
Ostiralean, 18:00etan egingo dute inaugurazio ekitaldia Igartubeitin. Aipatutako artistez gain, Xabier Kerexeta Bildumetako eta Museoetako Atalburuak eta Kizkitza Ugarteburu museoko koordinatzaileak hartuko dute parte ekitaldian. Erakusketa ostiraletik 2027ko apirilera arte egongo da ikusgai.
Xabier Kerexeta eta Iñaki Mendigurenen bisita gidatu berezia
Ostiralean inauguratuko duten erakusketaren osagarri, Igartubeiti baserriaren zaharberritze prozesuaren inguruko bisita gidatu berezia izango da larunbatean. Xabier Kerexeta historialaria eta Iñaki Mendiguren idazlea eta Igartubeitin jaiotako bizilagunak emango dituzte azalpenak. Bisita 11:00etan da eta doakoa den arren, aldez aurretik izena eman behar da.
Arriskuan zegoen ondare baten berrekurapena eta kontserbazioa balioan jarriko dituzte bisitan. Gonbidatuek lehenengo pertsonan kontatuko dituzte zaharberritze prozesuari buruzko xehetasunak; erronka nagusiak zeintzuk izan ziren eta Igartubeitik euskal ondarean izan duen eragina zenbaterainokoa izan den azalduko dute.













