Antxaputxuko alokairu sozialeko etxebizitzetarako izen ematea irekita
Itxaron zerrendan sartuko dituzte egindako eskaera berriak.
Zeraingo Udalaren eskumenekoak diren Antxaputxuko alokairu sozialeko etxebizitzak. Kerman Garralda Zeraingo Udalak jakitera eman duenez, udalaren eskumenekoak diren Antxaputxuko alokairu sozialeko etxebizitzen itxaron zerrendan izena emateko epea zabaldu dute. Eskaera orriak eta beharrezko egiaztagiriak Zeraingo Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu behar dira.
18 eta 35 urte bitarteko pertsonek edo 70 urtetik gorakoek egin dezakete eskaera, beti ere, jabetzan etxebizitzarik ez duten kasuetan. Adinekoen kasuan, etxebizitza izatekotan, horrek bizigarritasuan eta irisgarritasun baldintzak betetzen ez dituela egiaztatu beharko dute. Bizikidetza unitatean urteko diru sarrera bateratuak 3.000 eta 29.784,16 euro artekoak izan behar dute —biak barne— eskaera egin ahal izateko.
Etxebizitzak esleitzea
Etxebizitza bat libre geratzen denean, ordenantzako puntuazioaren arabera esleituko da etxebizitza eta Zerainen eta inguruko udalerrietan erroldatuta egondako denbora ere baloratuko da. Berdinketa gertatzen bada, izen ematearen antzinatasuna hartuko da kontuan.
Alokairuaren zenbatekoa errenta egiaztatutako datu ekonomikoetan eta Etxebizitza Sailaren taulen arabera kalkulatuko da; orotara ordaindu beharreko azken zenbatekoa 90 eta 260 euro artekoa izango da. Alokairuaz gain, dagozkion hornidura gastuak ere ordaindu beharko dira.
Informazio gehiago eskuratzeko edo eskaera egiteko Zeraingo Udaleko 943 80 17 24 telefonora deitu edo zerain@udal.gipuzkoa.net helbidera mezu bat idatzi daiteke.













