Borjaren eta Toñoren esperientzia pertsonalak, Goierri garaiko Movember girotzeko
Ostegunean hasita, makina bat jarduera izango dira Goierri garaian, gizonezkoen gaixotasunez eta suizidioaz sentsibilizatzeko.
Ostegun arratsaldean Toñok eta Borjak egingo duten hitzaldiarekin hasiko da Goierri garaiko Movember taldeak hilabete honetarako antolatu duen ekitaldi sorta. Gizonezkoen osasuna eta, zehazki, prostatako minbizia, barrabiletako minbizia eta osasun mentala ikustarazteko helburua duen mugimenduak izango du oihartzuna aurten ere lau herriotan, eta hasteko, bi herritar horien testigantzak ezagutzeko aukera izango da.
Borjak eta Toñok prostatako minbiziarekin duten esperientziaz hitz egingo dute, Aitziber Gine psikologoaren laguntzarekin. Gai honi buruz «normalean hitz egiten ez dena» kontatuko dute hitzaldian. Jendea eta, bereziki, gizonak kontzientziatzeko problematika hori partekatzeak eta ezagutu arazteak duen garrantzia ere azalduko dute.
Hitzaldia Gizarte Zentroan izango da, 18:30ean.
Gizonezkoen gaixotasunak
Ezkioko Igartubeitin aurkeztu zituzten joan den ostiralean Movember mugimenduak azarorako Goierri garaian prestatu dituen jarduerak. Lau herriak elkartu eta lau udalen babesa jasotzen duten bigarren urtea da, eta horrela Movemberri zabalkunde handiagoa ematea lortu dute.
Australian 2003an sortutako mugimendua da Movember, prostatako minbizia zuen bati lagundu nahi zion lagun talde baten ekimenez. Ekimen hura mundu osora zabaldu zen, gizonezkoen minbizien inguruan sentsibilizatzeko helburuz, eta bibotea hartu zuen ikur. Goierri garaira ere iritsi da, eta inguru honetako hainbat herritar bildu ditu helburu horren lorpenerako jarduerak antolatzeko.
«Gure gizartean oraindik ere badira gizonen paperari eta jokabideari buruzko estereotipoak, arazo horien ikusgarritasuna eta irekitasunez hitz egitea zailtzen dutenak», azaldu zuten aurtengo programazioaren aurkezpenean, eta prest agertu ziren ekarpena egiteko «gizonok lasai hitz egin dezagun arazo hauei buruz, bai gure artean eta baita gure inguruan ere». Osasun mentalaz, edo prostatako edo barrabiletako minbiziaz hitz egitea «oraindik kostatu» egiten dela gogoratu zuten, eta esan zutenez, «ekimen hau ahalegin bat da hori horrela izan ez dadin».
Era berean, osasun erakundeak ere interpelatu zituzten, «funtsezko zeregina» dutelako arazo horiek ezagutarazteko eta gaixotasun horiek «harrera eta ulermen giroan eskuratzeko eta tratatzeko».
Ekitaldi nabarmenenak
Movember mugimendua presente egongo da Goierri garaian datozen egunetan, hainbat jarduerari esker. Lehena ostegunean izango da, taldeko kide diren Toño eta Borjak egingo duten solasaldia, hain zuzen. Baina antolatzaileek hitzaldi gehiago ere antolatu dituzte, eta lehenik, Jon Garcia Ormaza nazioarteko errekonozimenduko psikiatrak eta suizidioaren prebentzioan adituak ostiralean Zumarragan egongo duena nabarmendu dute. Azaroaren 17an Legazpin izango da hitzordua, Arkaitz Carracedo Derioko CIC BioGune ikerketa zentroko ikertzaile nagusiarekin. Urretxun izango da hirugarren hitzaldia, honako hau hilaren 24an eta Idoia Garde nutrizionistaren eskutik; nutrizioaz eta minbiziaren tratamenduaz hitz egingo du bertan.
Horrez gain, Legazpiko eta Zumarragako azoketan ere izango dira, informazioa emateko eta Movemberren inguruko materiala saltzeko, besteak beste oihalezko poltsak, kamisetak, motxilak eta boligrafoak. Hiru herri handietako pintxo poteetan ere izango du presentzia mugimenduak, eta informazioa zabaltzeko baliatuko dituzte. Gainera, tabernatan itsulapikoak jarriko dituzte. Legazpiko Tipi-Tapa batean parte hartzeok deia ere zabaldu dute.
Era berean, Ilinti eta Bitartean merkatari elkarteen, Legazpiko Garagunearen eta Zumarragako Argixao Eguneko Zentroaren eskutik, Movemberren mezua ezagutarazten laguntzen ari dira, erakusleihoetarako kartelak eginez, eta prostatako, barrabiletako eta gizonezkoen osasun mentaleko minbiziari buruzko informazioa emanez.
Jarduerekin bildutako diru guztia Derioko bioGune IKZ zentroak prostatako minbiziaren aurka egiten duen ikerketara bideratuko da.
Parte hartzeko deia
“Australiako lagun haiek hil honetan bibotea uztea erabaki zuten bezala, lagunari emandako babesa eta elkartasuna ikusarazteko, zuen lankidetza eskatzen dizuegu, gaixotasun maskulinoei eta gizonen osasun mentalari ikusgarritasuna ematen jarraitzeko. Eta Movemberren parte hartu nahi baduzu, gutako batekin hitz egin, ateak zabalik baitaude lagundu nahi duen ororentzat. 2003ko azarotik, bibotea mundu osoan zehar hazi den mugimendu horren ikurra da. Beraz, orain, kalean bibote gehiago ikusten badituzu, pentsatu Movemberrengan. Eta zergatik ez? Utzi bibotea”.
Gonbidapen horren ondoren, hainbat datu ere zabaldu zituzten Ezkion egindako ekitaldian:
• Urtero 1500 euskal herritar diagnostikatzen dituzte prostatako minbiziarekin, gizonen artean bigarren garrantzitsuena. 644 Gipuzkoan.
• 15-40 urteko gizonezkoak dira barrabiletako minbizia garatzeko arrisku handiena dutenak. 24 kasu berri urtero Gipuzkoan.
• Mundu mailan, gizon bat hiltzen da minutu oro bere buruaz beste egiteagatik. Oro har, lau suizidiotatik hiru gizonezkoenak dira.
Gizonezkoei zuzendutako aholku batzuk ere eman zituzten, “funtsezkoa” detekzio goiztiarra dela azpimarratuz:
• 50 urte bete ondoren, egin azterketa urologikoa
• Barrabilen automiaketa erregularra egin, edozein anomalia detektatzeko.
• Ez izan beldurrik zure arazoez edota sentimenduez hitz egiteko
Bukatzeko, jarduera horietan guztietan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, eta Movember-i eta prostatako minbiziari aurre egiteko, barrabilak jartzeko eta gizonen osasun mentala babesteko egiten duenari buruzko informazioa ematera












