Goierriko eremu funtzionaleko Plan Partzialaren aurkezpenak
Gaur eta bihar Zumarragan, Ordizian eta Beasainen izango dira aurkezpenak. Planak 5 konpromiso jasotzen ditu 2050erako.
Zaldibiako Goimenen bilera Azahara Dominguezekin.Gipuzkoako Foru Aldundia Goierriko Lurralde Plan Partzialaren jendaurreko informazio aldia abiatuko da gaur. Proiektua hobeto ezagutzeko Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean izango da lehen saioa, 18:00etatik 20:00etara. Bihar beste bi saio izango dira. Bata Beasainen, 09:00etatik 11:00etara, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, eta arratsaldean Ordizian, baita oso bilkuren aretoan, 18:00etatik 20:00etara.
Azahara Dominguez Mugikortasunerako, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Goierriko herrietako eremu funtzionala osatzen duten udalerrietako ordezkariekin bildu zen Zaldibiako Goimeneko egoitzan, duela bi aste. Bilera hartan, Goierriko Lurralde Plan Partzialaren hasierako onarpena aurkeztu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketako zuzendaritzako teknikariak eta plana idatzi duen taldeko kideak ere bertan izan dira.
Diputatuak bileran azaldu zuen, plan honek aukera emango duela erabakitzeko non eraiki etxebizitzak, non garatu jarduera ekonomikoa eta nola egokitu udalerriak klima aldaketaren oinarrietara.
5 konpromiso 2050erako
Planaren indarraldia amaitzen denerako, 2050erako, bost konpromiso jasotzen dituztela adierazi zuen Dominguezek: Goierri orekatuagoa lortzea, Zumarraga-Urretxu-Legazpi ingurua indartuz eta Beasain-Ordizia-Lazkao inguruko indarrari eutsiz, horrela, bi gune nagusi eta osagarri edukiz; etxebizitza, jarduera ekonomikoa, enplegua eta zerbitzuak batera garatzea, lurraldearen oreka benetakoa eta iraunkorra izan dadin; erabiltzen ez diren hiri eremuak berritzea, lur berriak erabili aurretik eremu horiei beste erabilera batzuk emateko; garraiobideak elkarren artean lotzea: trena, autobusa, bizikleta, oinezkoentzako bideak eta errepideak bateratzea, lanera, ikastera eta zerbitzuetara errazago iristeko; eta lehentasunak argi zehaztea eta administrazioen arteko koordinazioa indartzea.













