Hego Amerikako 11 euskara ikasle etxean hartzeko familia bila
Euskara Munduan irakasleak trebatzeko programa da. Formakuntza amaitzera Lazkaoko Maizpidera etorriko dira otsailean.
Lazkaoko Maizpide eraikina, artxiboko irudian. Aimar Maiz Euskara Munduan diasporako euskara irakasleak trebatzeko programa da, Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duena, eta Maizpide euskaltegiarekin online euskara ikasten ari diren Hego Amerikako ikasleak datorren otsailean amaituko dute formakuntza. Hori dela eta otsailean eta martxoan etorriko dira Lazkaoko barnetegira, eta Maizpide ikasle horientzako familiak bilatzen ari da. Denera 11 ikasle izango direla aurreratu dute.
Ikasleak astean zehar Maizpiden pasatuko dute eguna, 09:00etatik 18:30era. Beraz, haietakoren bat etxean hartzen duenak gosaria, afaria eta lo lekua eskaini beharko dizkio. Horretaz gain, asteburuetako bazkariak ere familien esku egongo zirela gogorarazi dute Maizpidekoek. Ikasleen pentsioa diruz ordainduko zaie izena ematen duten familiei.
Argentinako ikasle bat bi hilabetez etxean hartzeko prest dagoenak galdetegia bete behar du, Maizpideko sare sozialetan jarri dago esteka. Zalantzak argitzeko, halere, azaroaren 24an batzar bat egingo dute Maizpideko Liburutegian. Informazio gehiago, 688 655 779 telefonora deituta.













