Leherketa eta sutea Legazpiko Bereciartu fundizioan
Indukziozko labea lehertu egin da, eta pabiloiko teilatuak sua hartu du. Ez da zauriturik izan.
Legazpiko Fundiciones Bereciartu lantegian istripua gertatu da arratsaldeko lehen orduan, baina ez da zauriturik izan. Indukziozko fundizio-labea lehertu egin da, eta pabiloiko teilatuak su hartu du. Suhiltzaileak bertaratu behar izan dira sutea itzaltzeko.
Labearen leherketa 14:15 inguruan gertatu da, horren inguruan lanean ari zen langile batek azaldu duenez: “Labea martxan zegoela, usain arraroa sumatu dugu, eta mantentze lanetako arduradunari deitu diogu. Orduan gertatu da leherketa, presioak eraginda nonbait, eta teilatuak su hartu du”. Langileak sua itzaltzen saiatu direla esan du, baina ezin izan dutela, eta suhiltzaileei deitu dietela. Suhiltzaileak arduratu dira sua itzaltzeaz, eta 15:20 inguruan alde egin dute lantegitik, lana amaitutakoan.
Istripuaren lekukoak azaldu duenez, enpresak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea aplikatu die dagoeneko langileei horren ondorioz, eta bere ustetan, hilabetetik gora beharko dute leherketak eta suteak eragindako kalte larriak konpontzeko. Ondorioz, denak “ziurgabetasun egoeran” geratu direla dio.
Fundiciones Bereciartu lantegia Urola kalean dago, Legazpitik Urretxu-Zumarragara doan errepidearen ertzean, eta 35 langile ditu. Modelatutako altzairuzko piezen diseinua eta fundizioa da enpresaren jarduna.












