Betzaida Urtaza idazleak Gau Beltzari buruzko ipuina irakurriko du
Ostegunean, 17:00etan, Urretxuko Liburutegian, Imelda eta arimen gaua ipuina irakurriko du Betzaida Urtaza Elizburu idazleak 3-8 urteko haurrentzat eta beraien familientzat.
Imelda eta arimen gaua ipuinak, familia, aberria eta herrimina lantzen ditu beste gai garrantzitsu batzuen artean. Mexikoko El Dia de los Muertos eta gure Gau Beltza uztartzen ditu. Honetaz gain, iada gure artean ez daudenak beti gogoratu behar ditugula erakusten du, gure bihotzetan eta oroitzapenetan bizirik baitaude.
Urtaza Amesgile Argitaletxearen sortzailea da.. Irakurri eta idazteaz gain, ipuin kontalaria eta gozogilea ere bada. Bere ametsetako bat idazle on bat izatea da eta bere ipuinekin umeek amestu, ikasi eta ondo pasa dezatela. Oso gogoko du irudimena dantzan jartzea eta horretako inguruan duenarekin inspiratzen saiatzen da. Natura, familia eta maitasuna bezalako gaiak lantzen ditu eta umeei errespetua, zailtasunak gainditzeko indarra eta altruismoa bezalako baloreak helarazten saiatzen da.
Ekintza hau Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak azaroan antolatu dituenen artean lehenengoa da. Urretxuko Udalak xenofobia eta arrazismoa mahai gainean jarri nahi ditu aurten. Hau da, etorkinen eta arrazializatuak diren pertsonen eta haien ingurukoen errealitatea, eskubideak, gaitasunak, beharrak eta komunitatean jasaten duten diskriminazioari buruzko ezagutza eta hausnarketa sustatu nahi ditu.
Sarrera doakoa eta librea izango da. Informazio gehiago behar duenak, 693 900 568 telefono zenbakira deitu edo aniztasuna@urretxu.eus helbidera idatzi dezake.













