Lekaleak prest, hotzari aurre egiteko
Mañuecok eta Atienzak duten aukera zabalari begiratuta, potaje platerak prestatzeko aitzakia gehiagorik ez da behar. Brusela azak ere hotz garaikoak dira, eta iritsi dira feriara.
Tenperaturak jaisten hasi dira, baina goierritarrek ez dute kezkarako motiborik, Ordiziako azokan hotzari aurre egiteko elikagai eskaintza oparoa dagoelako. Lekaleak sartzen dira kategoria horretan, eta Plaza Nagusian Patxi Atienzak eta Zuhaiztian Jose Mari Mañuecok dituzten postu banatan biltzen dira gehienak, hori bai, baserritarrek eskaintzen dituzten indaba beltz eta zuriei lehia egin gabe.
Hotza bai, iritsi da, baina horrek ez ditu atzera bota ez erosleak ez bisitariak. Azken horien artean Irungo San Juan de Dios ikastetxeko ikasle gaztetxoak ibili dira Plaza Nagusiko postuz postu erosketa txikiak eta galderak egiten, D’Elikatuz zentroko gidariek emandako jarraibideekin.
Aldarrikapenak ere tokia izan du gaur ferian, Movember Goierri taldearen eskutik. Postua izan dute jarrita udaletxe azpialdean, gizonezkoan gaixotasunei buruz sentsibilizatzeko eta materiala saltzeko.
Potajea eta azak
Produktu ugari saltzen dituzte bai Mañuecok bai Atienzak beren postuetan, eta lekaleez gain, gaztak eta txerrikiak ere badituzte aukeran biek, eta arrautzak ere bai Atienzak. Baina lekaleen eskaintzan fokua jarrita, era askotako indabak dituzte salgai (Tolosako beltza eta pintoa, arabar gorria, zuria, arroz indaba zuria, kanela, karilla, kaparroia, berdina eta indaba zuri handia, besteak beste), kiloa 3,5 eta 15 euro artean. Dilistak ere badituzte, 3,5 eta 4,95 euro artean (kabiar, koral, eston, pardina…), baita txitxirioak ere 3,5 eta 3,95 euro artean (Pedrosillano, Gaztelakoa eta handia). Horiez gain, purea egiteko nahasketa (4,5 eta 4,95 euro artean), ilar lehorra (3,95 euro), baba txikia (5,95 eta 7 euro artean) eta hiru koloretako arroza (6,95 euro) ere badute. Potajea prestatzeko zer erosi badago!
Eta lekaleei laguntzeko, aza faltarik ere ez dago Ordiziako ferian. Lisoak eta kixkurrak, kale azak, azaloreak, brokoliak eta romaneskuak aurreko asteetatik daude salgai, eta gaur goizetik, baita Brusela azak ere. Miren Jauregi eta Jaione Irazusta ama-alabak aurkeztu dituzte urteko lehen buruak, eta kiloa 8 euroan jarri dute salgai.
Irasagar dultzea eta perretxikoak
Ez da Brusela aza eguneko berritasun bakarra izan, irasagar dultzea ere iritsi delako. Sagar dultzearekin hasita zeuden hainbat postutan, baina gaur irasagarrarekin egindako gozo hori ere aukeran zuten, besteak beste, Miren Jauregik, Zurutuza ahizpek eta Simon Aizpuruk, kiloa 8 eta 12 euro artean.
Simon Aizpuruk, bestalde, mizpirak ere aurkeztu ditu, aurrekoan Arantxa Lopetegik salgai jarritakoak baino pixka bat handiagoak. Mizpirak oraindik gogorrak daude bi postuetan, eta itxaron egin beharko apur bat biguntzen hasi eta jateko moduan jarri arte. Kiloa 3,5 eta 4 euroa artean dago.
Perretxikoak ere garai hauetarako aproposak dira. Hauxe izan da Lasaren eta Barcinaren postuen artean osatutako eskaintza: 130 kilo onddo, kiloa 15 eta 40 euro artean; 36 kilo ziza hori, 24 eta 30 euro artean; 11 kilo saltsa perretxiko beltz, 22 eta 30 euro artean; eta 4 kilo mendiko angula, 22 euroan.
Azokan ere, greba
Ordiziako azokan ere greba egingo dute datorren asteazkenean, azaroak 11. Horrela jakinarazi dizkiete arduradunek saltzaileei.



















