Peli artista zarauztarraren lanak daude ikusgai Legazpiko Joan Kruz ile apaindegian
Aitor Larrañaga Illarramendi da Peli, eta erakusketa azaroan eta abenduan zehar izango du irekita.
Zarauztik iritsi da Joan Kruz ile apaindegiko gonbidatu berria. Aitor Larrañaga Illarramendi ‘Peli’ da, eta margo lanez osatu du azaroan eta abenduan areto berezi honetan ikusgai egongo den erakusketa.
Irakasle, margolari eta diseinatzaile
Zarauztarra da Peli, 1975ean jaioa eta Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatua eta doktorea. Irakaskuntzaren alorrean jorratu bere la ibilbidea, eta marrazketa artistiko eta koloreko irakaslea izan da Arte eta Diseinu goi mailako ikasketetan. Pintura irakaslea ere izan da Arte Ederretako fakultatean, eta Artearen Historiako tailer irakaslea ere bai Artezaleak elkargo kulturalean. Gainera, ilustratzaile eta diseinatzaile grafiko gisa ere jarduten du enpresan zein freelance moduan.
Makina bat kolaborazio ere egin ditu, besteak beste, EITBrako, Zarauzko Telebistarako, Berria, Egunero, Gara eta Euskaldunon Egunkaria egunkarietarako, Argia astekarirako eta Bertsolari, Napartheid, Baba, Txaparro, Txorrotxio, Baleike eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko aldizkarietarako. Gainera, Gorringo, Hankagorri eta Alproja antzerki taldeentzako atrezzo, libreto eta eszenatoki diseinuak egin ditu, eta horrez guztiaz gain, Txalaparta argitaletxeak, Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak eta hainbat ikastolek argitaratutako liburuetarako ilustrazioak egin ditu, baita Elkarlanean, Berria eta Talkak zigiluek argitaratutako diskoetarako marrazkiak ere.
Sariak ere irabazi ditu Zarauzko artista honek Euskal Herriko komikigintza, kartelgintza eta grafiti lehiaketetan, hala nola Elgoibarren, Pasaian, Portugaleten, Zarautzen bertan, Zumaian eta Zumarraga-Urretxun.
Irakatsi, lanak egin eta sariak jaso bakarrik ez, erakutsi ere egiten duen hori Pelik, eta hainbat erakusketa egin ditu bakarka zein taldean, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo.














