Ander Ormazabal eta Maddi Martin irabazle, Euskaliten bideo lehiaketan
Legazpikoa eta Bergarakoa dira bi gazteak, eta Gipuzkoako Txirrindulari Federazioarentzat egin duten lana izan da saritua.
Ander Ormazabal legazpiarrak Bergarako Maddi Martin ikaskidearekin batera Gipuzkoako Txirrindulari Federaziorako egindako lanak irabazi du Euskalit fundazioak antolatutako bideo lehiaketa.
Euskalit Kudeaketa Aurreraturako Euskal Fundazioa da, Eusko Jaurlaritzak 1992an sustatutakoa, eta aurten Kudeaketa Laburrean bideo lehiaketa deitu du, hamargarrenez. Kudeaketa aurreratua gizartera hurbiltzea du helburu lehiaketa honek, formatu sortzaile, irisgarri eta bisualen bidez.
Ormazabalen eta Martinen bideoak Zure tokia gure babesean dago du izenburua. Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa gradua ari dira ikasten bi gazteak, eta ikasketa proiektu gisa sortu zen bideoa. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioarentzat egindako lana da, azken urteetan lizentzia federatiboetan antzemandako jaitsierari aurre egiteko, eta txirrindulariak federatzera animatzeko. “Poz-pozik” hartu dute saria.













