Azaroan Musika zikloak bi kontzertu proposatzen ditu astebururako
Parrokian musika korala izango da protagonista larunbat iluntzean, eta igande eguerdian harpa musika Latxartegi aretoan.
Azaroan Musika zikloaren barruan bi kontzertu izango dira asteburuan Legazpin. Musika korala eta harpa doinuak izango dira protagonistak.
Lehen kontzertua etzi izango da, larunbatarekin, 20:00etan, Parrokian, eta Gasteizko San Vicente Garcia abesbatza eta Santikutz abesbatza arituko dira kantuan bertan.
Igandean, berriz, Latxartegi aretoan izango da hitzordua, 12:30ean, Maddi Sanz harpa jotzaile irundarrarekin eta horren Harpakiro-Euskal Kantak emanaldiarekin. «Mahai inguruan abesten ditugun abestietan barrena bidaia» eskainiko du Sanzek, harparen doinuen bidez.
Bi kontzertuak dohainik izango dira.














