Txerriaren festa Mutiloan
18. Txerri Azoka egingo dute Mutiloan igandean, goizetik eguerdira bitartean. Txerriak, txerrikiak eta artisau produktuek osatuko dute eskaintza.
Jesus Mari Debaren odolkiak salgai Mutiloako frontoian, iaz. Lide Egizala Iaz ez zen txerri erakustaldirik izan Mutiloako Txerri azokan, dermatosi nodular kutsakorra zela eta Euskal Herri osoan abere azokak debekatzearen ondorioz. Aurten, merezitako protagonismoa izango du berriz ere txerriak Mutiloan, igandean ospatuko duten 18. Txerri azokan. Txerria izango da azokaren erdigunea, baina bestelako ekintzak ere osatuko dute igande goizeko proposamena.
Urteko ekitaldi garrantzitsuenetako bat da Txerri Azoka Mutiloan, Iñaki Ugalde alkateak azpimarratu duenez. Mutiloarren ezizenari —txerri gorriak dira— erreferentzia garbia egiten dio azokak eta Goierrin txerriari eta txerrikiei bereziki eskainitako azoka bakarrenetakoa da, nahiz eta beste leku batzuetan txistorrari, odolkiari edo buzkantzari eskainitako festa giroko egunak ere antolatzen dituzten.
Igandean, 10:00etan irekiko ditu ateak azokak. Markinatik (Bizkaia) eramandako txerrien erakusketa izango da erakargarri nagusietako bat, baita txerrikiak salgai izango dituzten askotariko postuak ere. Urtero bezala, aurten ere, Bizkaitik, Errioxatik eta Gipuzkoatik gerturatuko dira ekoizleak Mutiloara. Goierritarren artean ordezkaritza bakarrenetakoa izango da Jesus Mari Deba, bere odolkiekin.
Artisau produktuak
Azokaren osagarri, artisautza produktuen bestelako postuak ere izango dira frontoian, zortzi bat inguru: arropak, bitxiak, eskulanak… jarriko dituzte salgai. Haurrentzako buztina lantzeko eskulan tailerra ere izango da goiz osoan zehar. Txerritik eratorritako produktu estimatuenetako bat da urdaiazpikoa eta honek ere izango du bere lekua igandean, urdaiazpiko mozte erakusketa eta dastaketarekin.
Ez da urdaiazpikoa izango dastatzeko eskainiko duten produktu bakarra, odolki eta txorizo pintxoak ere salgai jarriko baitituzte goizean zehar. Gainera, txerria ere erreko dute burruntzian goiz osoan zehar, eta eguerdi partean erretako txerriaren dastaketa ere izango da. Juanita Murgiondo, Juanita Aranburu eta Josune Agirre mutiloarrek ere ez diote hutsik egingo urteroko hitzorduari eta azokan izango dira, bertaratzen direnei, odolkiak modu artisauan nola egiten diren erakusteko.
Behin azoka amaituta, herri bazkaria egingo dute frontoian. Alkateak esan duenez, 100 bat pertsona biltzen dira bertan, «herrikoak, postuetan dauden langileak eta kanpotik etorritakoak» elkartuta. Oraindik herri bazkarian izena emateko epea irekita dago udaletxean, edo Mutiloako Ostatuan.
Autobus zerbitzu bereziak Zegama, Segura eta Zeraindik Mutiloara joateko
Azken urteetan bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditu igandean Mutiloako Txerri Festarako.
Azahara Dominguez diputatuak jakinarazi duenez, egun horretako zerbitzu bereziak ondoko ordutegia izango dute: «Zegamako plazatik, 10:15ean eta 11:45ean aterako da autobusa, Segurako plazara 10:20an eta 11:50ean iritsiko da eta Zerainera —markesinara— 10:25ean eta 11:55ean», Mutiloara 10:30ean eta 12:00etan iritsiko dira autobus bereziak. Kontrako noranzkoan Mutiloatik 13:15ean eta 14:30ean irtengo dira autobusak.













