Ibilgailu elektrikoentzako karga guneak martxan jarri ditu Legazpiko Udalak
Laubiden eta Juanastegin daude. Instalazio publikoak dira, eta prezioak mugapean daude.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko Laubiden eta Juanastegin igogailuen inguruan dauden gune publiko berriak martxan. Instalazioak duela hilabete batzuk zeuden eginda, baina ez dira martxan jarri udal zerbitzu honetarako baldintzak eta funtzionamendua onartu dituzten arte.
Ibilgailuentzako karga puntu horietan energia hornidura mugapean dago, eta kontsumitutako kilowatt orduko (kWh) prezio publikoa 0,20 eurokoa da, udalbatzak hala erabakita. «Energia zerbitzuak ekonomikoki eskuragarriak izatea, eta horietarako sarbidea bidezkoa izatea trantsizio energetiko justu baten erronken artean» daudela azaldu du udalak.
Iberdrolaren aplikazioa
Erabiltzaileek Iberdrolaren aplikazio mugikorra erabili beharko dute karga prozesua hasteko, eta energia kontsumoari dagokion ordainketa egiteko.
Udalak gogoratu duenez, «mugikortasun elektrikoak lotura du mugikortasun jasangarria sustatzeko eta garraioaren klima inpaktua murrizteko helburuekin»













