Jolas Molaz, euskarazko jostailu eta joko berriak ezagutzeko aukera Legazpin
Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako jarduera da, eta HH3, HH4 eta HH5 mailetako haurrei eta haien gurasoei zuzenduta dago. Astelehenean eta asteartean saio bana eskainiko dituzte, Kultur Etxean, 17:00etatik aurrera.
Euskarazko jostailu eta joko berrienak ezagutzeko aukera izango da datorren astean, Legazpiko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako Jolas Molaz erakusketa-tailerrarekin. HH3, HH4 eta HH5 mailetako haurrei eta haien gurasoei zuzendutako jarduera da, eta euskarazko jostailu eta joko berrienak eta erakargarrienak ezagutzeko eta probatzeko aukera izango dute inguratzen direnek.
Astelehenean eta asteartean saio bana eskainiko dituzte, Kultur Etxeko areto nagusian, 17:00etatik 19:00etara.
Jolas Molaz saioen helburua da euskarazko jostailu eta joko berriak erosi edo eskatu aurretik ezagutzea, hau da, nolakoak diren ikustea, haiekin nola jolasten den ikastea, eta gustukoak diren ala ez probatzea. Bi begirale arituko dira jolasen funtzionamendua azaltzen eta haurrekin jolasten.













