Treba Gazteak programaren edizio berria iritsi da Legazpira
Herriko gazteei ihes gela, Aske On jarduera eta podcast grabaketa eskainiko die hurrengo astetik aurrera. Izena eman daiteke dagoeneko.
Isa Sanz teknikaria eta Nerea Lopez de Heredia zinegotzia, Treba Gazte programako ekitaldien aurkezpenean.Legazpiko Udala Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak 202oan martxan jarritako Treba Gazteak programaren edizio berri bat iritsiko da Legazpira hurrengo astean. Programa horren barruan, 17 urtetik gorako gazteek doako hainbat jarduera izango dituzte eskura Kultur Etxean. Legazpiko Udaleko gizarte eta gazteria alorreko Nerea Lopez de Heredia zinegotziak eta Isa Sanz gazteria saileko arduradunak aurkeztu berri dituzte.
Edizio berri honetarako hiru proposamen luzatu dizkiete gazteei. Alde batetik, erronkak gainditzeko scape room edo ihes gela bat proposatu die, eta bestetik, feminismo intertsekzionalean sakontzeko Aske On ikastaroa, eta gazteen ahotsa zabaltzeko podcast baten grabazioa.
Jarduera horien bidez, teknologia berriak, feminismo intertsekzionala eta ongizate emozionala landuko dituzte, aisialdia, prestakuntza eta sorkuntza kolektiboa uztartuz.
Parte hartzea doakoa da, baina izena eman behar da aurretik, honako link hauetan: scape rooma, eta feminismo intersektsionalari buruzko tailerra eta podcasta.
Scape rooma
Scape room edo ihes gela hilaren 13tik 15era egingo da Kultur Etxean. Hainbat proba eta erronkaren bidez, parte-hartzaileek programaren hiru gai nagusietara modu dinamiko eta dibertigarrian hurbiltzeko aukera izango dute: teknologia digital berriak eta algoritmoek gazteen bizitzan duten eragina, feminismo intertsekzionala eta ongizate emozionala.
Bi eta sei lagun arteko taldeak osatu behar dira, eta gehienezko adina 30 urtekoa da. Ordubeteko saioak izango dira, eta ordutegia aukeratu beharko da izena ematean: hilaren 13an, ostirala: 15:00etatik 19:00etara; hilaren 14an, larunbata: 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30etara; eta hilaren 15ean, igandea, 16:00etatik 20:00etara.
Aske On tailerra eta podcasta
Programak azaroaren 27an jarraituko du, Aske ON: anitz eta desberdin tailerrarekin. Ageda Blasco Egia arduratuko da saioa dinamizatzeaz. 17 eta 24 urte bitarteko gazteek identitatearen eraikuntza sozialari buruz hausnartuko dute, eta generoaren, botere-harremanen eta beste ardatz sozial batzuen eragina aztertuko dute beren bizitzetan. Helburua da barneratutako ideiak kritikoki zalantzan jartzeko eta begirada kritikoa garatzeko tresnak eskaintzea, baita elkarrekiko babesa sustatzea ere, askatasun handiagoz bizitzeko bidean
Gainera, partaideek podcast bat prestatzeko aukera izango dute, Malen Altuna eduki sortzailearen laguntzarekin eta dinamizazioarekin. Horrela, landutako gaiak beren ikuspegitik jorratu eta ideiak partekatu ahal izango dituzte. Podcastaren grabazioa hilaren 28an egingo dute.
Hainbat modutan parte hartu ahal izango dute horretan gazteek: beren ideiak eta iritziak partekatuz, grabazioa publiko gisa jarraituz edo bi aukerak uztartuz. Horrela, podcasta beren ikuspuntuak adierazteko eta eguneroko errealitatean eragina duten gaiei buruz hitz egiteko espazio bihurtuko da.
Proposamen berria da hau, eta honekin, Treba Gazteak programak gazteen interesetara eta komunikatzeko modu berrietara hurbildu nahi du, aisialdia, prestakuntza eta parte-hartzea uztartuz. Ikasteko, elkartzeko eta hausnartzeko espazioak sortzea du helburu, gazteak beren esperientzien eta ideien protagonista izan daitezen.
Treba Gazteak Legazpin, zazpigarrenez
Treba Gazteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak 2020an abian jarritako ekimena da, gazteei ahalduntze prozesuetan laguntzeko helburua duena. Aurten, sei udalerritan garatuko da, horien artean Legazpin.
Legazpiko Udalak, Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuaren bidez, aurreko sei edizioetan ere parte hartu du, eta iaz baita nerabeei zuzendutako Treba Nerabeak programan ere.













