Txaro Jimeno margolariaren obra, Kultur Etxeko erakusketan laburbilduta
Gaur irekiko arratsaldean irekiko du bere ibilbide errepasatzen duen erakusketa, eta hilaren 20ra arte egongo da ikusgai. Arkatza elkarteko irakaslea ere izan zen.
Txaro Jimeno Almorox legazpiarrak (Donostia, 1945) urteetan zehar egindako margo lanen aukeraketa bat egin du, eta Kultur Etxeko erakusketa aretoan jarri ditu ikusgai. Erakusketa gaur arratsaldean irekiko da, eta hilaren 20ra arte egongo da ikusgai, astegunetan, 17:00etatik 20:00etara.
Margolaria izateaz gain, Arkatza elkarteak eskaintzen dituen Marrazketa eta Pintura eskoletako irakasle ere izan da urte askoan Jimeno. Gaur egun zeregin horretaz erretiratuta dago, baina margotzen jarraitzen du. Erakusketarekin, bizitza osoko lana ezagutzera eman nahi du, eta gertuko familiak animatu du hori egitera. Koadroak aukeratzen eta erakusketan muntatzen ere lagundu diote.
Txikitako afizioa
Txikitatik duen afizioa da marraztea eta margotzea. Antonio Azurmendi senarrak gogoratu du «eskolako koadernoetan, bazter guztietan monigoteak eta panpinak” marrazten zituela. Gustuko zuen, eta ikaskideen margo lanak egiten zituela gogoratu du Jimenok.
Baina heldutan, seme-alabak zituenean dagoeneko, Kultur Etxean hasi zen Juan Mari Burguerak ematen zituen klaseetara. Gehiago ikastea erabaki zuen eta haren ikasle bihurtu zen. «Euskara ikasten ere hasi zen garai bertsuan, eta oinarrizko hezkuntza ikasketen titulua ere atera zuen. Kulturarekiko interes handiko emakumea izan zen», azpimarratu dute Nekane eta Iñaki seme-alabek.
Burgueraren ondoren, irakasle gehiago izan zituen, eta aurrerago, herriko hainbat margolarik osatutako kolektiboko kide bihurtuta, etxeko salan muntatuta zuen estudio txikia Euskaltegiko ganbaran denen artean konpartitzen zutenarekin tartekatzen hasi zen. Olioz margotzen zuen Jimenok batez ere, eta margolari kolektibo horren baitan formazioarekin jarraitu zuen, ikastaroak antolatzen zituzten eta.
Aurrerago irakasle ere bihurtu zen, Arkatza marrazki eta pintura elkartean, eta makina bat urte egin zituen herriko haurrei marrazten eta margotzen erakusten. Kultur Etxeko teilatupeko gelak erabiltzen zituen Arkatzak, eta Mari Carmen Ibañezekin, Dani Uribe-Etxebarriarekin, Esther Agirrerekin eta Rosa Gutierrezekin batera egin zuen lan, 60 urteak ondo beteta zituenean utzi zuen arte.
Lan askoko bilduma
Klaseak ematen zituen bitartean, eta lanetik erretiratu eta gero, margotu egiten zuen, eta margotzen jarraitzen du oraindik. «Boladak izaten nituen, eta ditut oraindik”, aitortu du, “argazki bat edo kanpoan paisaia bat ikusten banuen, hura margotu behar neula pentsatu, eta hasi egiten nintzen. Oraindik ere bai!». Etxeko salan du estudioa, asto eta guzti, eta lehen, batzuetan kanpora ere joaten zen material guztiak gainean hartuta, aire librean margotzera.
Horrela, makina bat koadroko bilduma du osatuta, eta horien aukeraketa bat da Kultur Etxean ikusgai jarri duena. Guztira 46 lan dira, bere ibilbide luzeko etapa desberdinetakoak, eta izan duen eboluzioa erakusten dutenak. «Lan asko egin ditu, eta hori erakutsi eta bere konstantzia utzi nahi genuen erakusketarekin», azaldu du Nekane alabak.
Erakusketako koadro gehienetan paisaia da gaia, eta itsasoko irudiak ere badaude. Baina horien artean, bat «oso berezia» dela aitortu du Jimenok, Iraitz biloba bizkarra emanez irudikatzen duena, zaldi baten aurrean. Biloba guztiei egin dizkie horrelako erretratuak, «gure urte betetzeetan oparitu egiten zizkigun», azaldu du Iraitzek.
Honako hau Kultur Etxean bakarka egiten duen lehen erakusketa da, baina aurretik parte hartua da erakusketa kolektibo batzuetan. Bakarka duela urte batzuk beste bat ere egin zuen, garai bateko Mandiola tabernan, akuarelekin.
Gaur irekiko duenari, «ilusio handiz» begiratzen dio, eta pintura gustatzen zaien guztiak gonbidatzen ditu bertara.













