Urtatzako arazoei heltzeko ordua dela aldarrikatu du Legazpiko PSE-EEk
Auzoko irisgarritasuna hobetzeko, bi igogailu jartzea proposatu dute sozialistek.
Legazpiko PSE-EEk adierazi duenez, “Urtatzak dakartzan arazoei irmotasunez heltzeko unea iritsi da”. Auzoak hobekuntzak behar dituela dio, “etxebizitzetarako sarbidea bermatzeko, eguneroko mugikortasuna errazteko, eta atsedenleku egokiagoak, erosoagoak eta klima- aldaketaren ondorioetara egokituak izateko”.
Talde sozialistak gogoratu du legegintzaldiaren hasieran Gobernu Taldearen baitan Urtatzaren beharrei buruzko azterlan espezifiko bat egitea erabaki zutela. PSE-EEren ustez, lan horrek “beharrezkoak diren jarduerak planifikatzeko” balio behar du, baina uste du “hori egitea ezin dela izan premiazkoak diren esku hartzeak atzeratzeko arrazoi bat”.
Aparkalekuari dagokionez, Alkatetzari 2024an auzoan plaza gehiago egiteko proposamena aurkeztu ziola ere gogoratu dute, eta horren ondorioz, besteak beste ur biltegi zaharreko aparkalekua eraiki dutela adierazi dute, eta datozen asteetarako aurreikusita dagoela beste aparkaleku berri bat egitea txaleten goiko aldean, iturrirako bidean. Bien artean 80 plaza berri inguru sortuko dira.
Hala ere, PSE-EEk azpimarratu nahi dugu !aparkalekua hobetzea ez dela nahikoa”. Etxebizitzetarako irisgarritasuna bermatzea eta bizilagunak etxeetara baldintza egokietan sartu eta irten ahal izatea erraztea ere “ezinbestekotzat” jotzen ditu. Hori dela eta, udalak, datorren urtean, premiazko guneetan irisgarritasuna hobetzeko jarduerak bultza ditzan lan egingo duela azpimarratu du.
Bestalde, bi igogailu publiko instalatzea ere proposatu dute. Bat, 26. eta 69. atarien artean jarriko litzateke, Junetorriko autobus geltokiaren parea. Bestea, 57. eta 66, atarien artean aurreikusi dute, aparkaleku berria eraikiko den lursailaren ondoan.
Azaldu dutenez, bi ibilgailu horiekin auzoaren erdialdean bizi diren auzotar askok jasoko dute onura, bereziki 62-63-64-65-66 eta 57-58-59-60-61 atarietakoek. Gainera, eraiki behar den aparkaleku berrira iristea ere erraztuko luke.













