Jendetza elkartu da Mutiloako Txerri Azokan
Eguraldia lagun, arrakastatsua izan da Mutiloako XIX. Txerri Azoka.
XIX. Txerri Azoka egin dute gaur Mutiloan.Loinaz Agirre. Eguraldia lagun, jendetza elkartu da gaur Mutiloan, txerriaren eta txerrikiaren inguruan, plazan zein pilotalekuan.
Gaupasa egindako bat bazen tartean, Roberto Petralanda bizkaitarra. Atzo gauean iritsi zen Mutiloara, 22:00etan. Berrobitik ekarritako 130 kiloko txerria burruntzian lotu, 24:00etan sua piztu eta gaur eguerdira arte, 12:00ak arte, 12 orduz, “buelta eta buelta, ikatzi ipini, eta buelta eta buelta” aritu da, txerria “kariño handiarekin” erretzen.
Ohi bezala, jendea ilara luzea egin da, txerri pintxoa jateko. 2 euroan saldu dituzte pintxoak.
Petralandaren esanetan, “lehen asko ibiltzen nintzen txerria burruntzian erretzen. Orain 70 urtera goaz eta orain kapritxora egiten ditut, hiruzpalau bakarrik”. Horietako bat, Mutiloa.
Postu gehiago
Postu gehiago ere izan dira: txerriak, txorixo pintxoak, urdaiazpikoa mozten, odolkiak egiten ere aritu dira Juanita Murgiondo, Juanita Aranburu eta Josune Agirre mutiloarrak, artisauak, haurrentzako eskulanak…
Babarrun jana
Azokarekin amaitutakoan, ehun lagunetik gora elkartu dira Mutiloan, herri bazkarian, babarrun janean. Sakramentu guztiekin lagunduta, jakina.













