Berdeak taldea sinadurak biltzen hasi da Legazpiko ikastetxe publikoak 2027an klimatizatzeko
Latxartegin instalatukoduten district heating sistemari esker inguruko eskolak klimatizatuko dituztenez, herriko gainerako eskolak ere klimatizatzeko eskatzen dute. Hurrengo urteko aurrekontuetan lan horietarako partida bat sartzea nahi dute.
Legazpiko Berdeak+Independenteak udal-taldeak sinadura-bilketa abiatu du, eskatzeko 2027ko udal aurrekontuek jaso dezatela partida bat udalaren titulartasuneko lau eskola eraikinak klimatizatzeko. San Juan eta Itxaropen auzoetako haur eskolak, Arantzazuko eskola eta Olamendi LH ikastetxea dira lau eraikinak. Olamendi BHI Eusko Jaurlaritzarena denez, finantzaketa partekatuko akordio bat susta dezala eskatu diote udalari.
Ekimen hau joan den urriko udal osoko bilkuran izandako eztabaidaren ondorioz sortu dela azaldu dute Berdeak taldeko kideek. Bilkura hartan, Latxartegi inguruan geotermia bidezko berokuntza-sare zentralizatua oinarri duen district heating proiektu bat garatzeko bi milioi euroko inbertsioa onartu zuten aho batez. “Azpiegitura horri esker, berokuntza eta hozte sistema izango dute eskura osasun zentroak, Latxartegi aretoak, Kultur Etxeak, Gizarte Zentroak eta Haztegi HH eta ikastolak”.
Klimatizazioa, eskola guztietan
Berdeak + Independientes taldeak berretsi egin du district heating proiektuarekiko “erabateko babesa”. Proiektua abian jartzea “positibotzat” jotzen dute, eta udal osoko bilkuran aldeko botoa eman zioten. Hala ere, gogorarazi dute eztabaida hartan udalak ikastetxeak klimatizatzeko hartutako konpromisoa herriko gainerako ikastetxeetara ere zabaltzeko beharra planteatu zutela, eta jarduketa hori 2027ko Aurrekontuetan ere jasotzeko eskatu zutela. Proposamen horrek, ordea, ez zuen gainerako talde politikoen babesa jaso.
“Premiazko esku-hartzeez ari gara, errazago eta merkeago egin daitezkeenak. Berdeak taldearentzat onartezina da eskola publikoa bigarren mailakotzat jotzea, dirua guztiona denean. Jaiotza-tasa baxuak eta eraikinen egokitzapen faltak Legazpiko ikastetxe publikoak hustea ekar dezakete. Familientzat garrantzitsua da ikastetxeek muturreko beroari aurre egiteko instalazio egokiak izatea, eta hemendik aurrera faktore erabakigarria izango da seme-alabak zein ikastetxetan matrikulatuko dituzten aukeratzeko orduan!, salatu dute taldeko ordezkariek.
Berdeak taldearen ustez, joan den ikasturtean jasandako bero itogarriaren ondoren, behar hori ·ezinbestekoa” da. Klimatizazio ezak “hezkuntza komunitate osoa muturreko tenperaturen eraginpean jartzen du”. San Juan eta Itxaropen haur eskoletako 0-2 urteko haurtxoez, Arantzazuko Haur Hezkuntzako 2-6 urte bitarteko ikasleez, Olamendiko Lehen Hezkuntzako 6-12 urte bitarteko ikasleez, eta Olamendi BHIko 12-18 urte bitartetako gazteez ari dira. Egoera horrek ikastetxe horietan egunero lan egiten duten irakasleei, garbiketa-langileei, jantokiko langileei eta mantentze lanetako langileei ere zuzenean eragiten diela nabarmendu dute.
“Muturreko beroaldiak ez dira jada salbuespenezko gertakariak; geratzeko etorri dira. Ezinezkoa da ikastetxeetan izaten diren tenperaturekin arreta jartzea edo lan egitea. Gure lehentasuna haurrak, gazteak eta komunitate osoa babestea da. Batzuk hormak margotzen aritzen diren bitartean, gu lehentasunezkoa eta garrantzitsua denaz arduratzen gara, eta klimatizazioarena horietako bat da. Ikasgeletako kezka bakarra ikastea, irakastea eta gozatzea izan behar da”, adierazi du Alberto Bezunarteak.
Berdeak + Independientes taldeko bozeramailearen arabera, “jarduketa hau atzeratzea aukera ekonomiko bat galtzea ere bada; izan ere, gaur egun laguntza publikoen hainbat deialdi oso interesgarri daude, eta horietaz balia gintezke. Gainera, klimatizazio-sistema horiek beste neurri osagarri batzuekin batera ezarri beharko lirateke: hormetan, leihoetan, zoruetan eta sabaietan isolamendu egokia jartzea, eta ikastetxeetan berdeguneak sortzea, hala nola zuhaitzak, lorategiak, patio berdeak, fatxada berdeak eta estalki berdeak”.
Azaldu dutenez, gainerako talde politikoen babesik ez dutelako eraman du aldarrikapen hori kalera Berdeak taldeak, eta ikastetxeetako erabiltzaileen eta gainerako legazpiarren artean sinadura bilketa egiten ari dira.
Sinadura orriak
Sinadurak formalki aurkeztuko dituzte udalean, abenduko aurrekontu eztabaida egin aurretik. “Dagoeneko familien eta ikastetxeetako langileen babes handia dugu. Horiek kezka eta kexa ugari helarazi dizkigute, eta horrek agerian uzten du proposatzen ari garen neurria abian jartzeko premia badagoela”.
Sinadura orriak Insausti, Maiatza, Goiherri, Gure Kabia, Oilarra, Elizondo, Oker eta Karibe berri tabernetan, Sustrai eta Jimmy fruta dendetan, Fatimaren okindegian, Santa Cruz margo dendan eta Nataliaren ile apaindegian daude.
“Eta norbaitek bere kabuz sinadurak biltzen lagundu nahi badu, sinadura orriak eska diezazkiguke helbide elektroniko honetara idatzita: berdeak.independientes.legazpi@gmail.com”.













