Kapsula Kuantikoa bisitatzeko aukera izango da asteartean, Legazpin
Fisika kuantikoa eta horrek eguneroko bizitzan duen presentzia ezagutu nahi dutenek, Euskal Herria plazan instalatuko duten unitate mugikorrean izango dute horretarako aukera. Goizean taldeentzako bisitak izango dira, eta arratsaldean herritar guztientzat. Izena eman behar da.
Fisika kuantikoa zer den eta eguneroko bizitzan duen presentzia ezagutu nahi duten legazpiarrek bihar, azaroak 10, izango dute horretako aukera, Euskal Herria plazan, Azoka ondoan jarriko duten Kapsula Kuantikoan. Esperientzia murgiltzaile, interaktibo eta irisgarri bat eskaintzen duen unitate mugikorra da, eta irudien, pantailen eta instalazio interaktiboen bidez fisika kuantikoa ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, hezitzaile espezializatuen eskutik.
Kapsula Kuantikoa egun osoan izango da Legazpin, eta goizean 09:00etatik 14:00etara eskainiko dituen 50-60 minutu arteko saioak ikastetxeei, elkarteei eta kolektiboei zuzendutakoak izango badira ere, arratsaldekoak herritar guztientzat izango da. Arratsaldeko bisitak 16:00etatik 19:00etara izango dira, 45 minutuero, eta 30 minutu inguruko iraupenarekin.
Erreserbatu egin behar da txanda info@kuantika.eus helbidean edo 945 18 07 36 telefono zenbakian. Saio bakoitzean 26 pertsonak parte hartu dezakete.
Zer da Kapsula Kuantikoa?
Kapsula Kuantikoa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ekimen ibiltari berria da. 2026-2027 ikasturtean Euskadi Erkidegoko hainbat udalerri zeharkatuko ditu, gizarteari zientzia eta teknologia kuantikoak hurbiltzeko. Legazpi da udalerri horietako bat, eta bihar da eguna.
Bisitariek, haren barruan, fisika kuantikoaren oinarrizko printzipio batzuk deskubritu ahal izango dituzte, baita haren garapena markatu duten mugarriak ezagutu, eta dagoeneko egunerokoaren parte diren aplikazio teknologikoak esploratu ere.
Kapsula Kuantikoak “gure garaiko arlo zientifiko liluragarri eta etorkizun handieneko batean barrena bidaiatzea proposatzen du, askotariko publikoetara egokitutako ikus-entzunezko baliabide, instalazio interaktibo eta dibulgazio-edukien bidez. Zientzia kuantikoak ez baitigu soilik mundua hobeto ulertzen laguntzen: hainbat esparru eraldatzeko bidean ere badago, hala nola osasuna, komunikazioak, energia eta konputazioa”.
Kapsula Kuantikoa “inklusio-asmo argiarekin” jaio da. “Kolektibo batzuek beste batzuek baino oztopo handiagoak izaten dituzte dibulgazio zientifiko eta teknologikoko jardueretan parte hartzeko, eta ekimen honek arreta berezia jarri du haiei irismena errazten. Izan ere, zientziak guztion eskura egon behar du, adina, gaitasunak edo egoera pertsonala gorabehera. Proiektuak, horrela, publiko berriei kultura zientifikoa hurbiltzen eta gizarte informatuago, parte-hartzaileago eta inklusiboago bat eraikitzen laguntzen du”.













