Euskal Herriko txapelketa jokatuko da Idiazabalgo II. Mendi duatloian
Larunbatean, 15:00etan emango diote hasiera probari. Izen ematea amaituta, 91 ziren izena emandakoak, atzo. Bi modalitatetan, hiru sektore gainditu beharko dituzte.
Korrikan eta bizikletan osatu beharko dute proba mendi duatloiko parte hartzaileek. Asier Zaldua Bigarren urtez antolatuko dute aurten Idiazabalgo mendi duatloia. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren —EHMDZ— baitako zazpigarren lasterketa izango da, eta Euskal Herriko txapelketa ere jokatuko da bertan. Bederatzi probek osatu dute aurten EHMDZ; irailaren 19an hasi zen Asteasun eta Adunan amaituko da azaroaren 28an. Tartean, Bidania-Goiatzeko mendi duatloia ere jokatuko da azaroaren 21ean.
Garai batean, Goierrin mendi duatloi proba bat baino gehiago antolatzen ziren, baina gaur egun, Idiazabalgoa da eskualdean egiten den mota honetako lasterketa bakarra, «Zegamako mendi duatloia eta Beasainen, Arriarangoa eta Igartzakoa ere antolatzen zituzten Euskal Herriko zirkuituaren barruan», esan du Ander Berasategi Idiazabalgo mendi duatloiko antolatzaileak.
Bi modalitate, hiru sektore
Larunbatean egingo dute proba, 15:00etan hasita. Iaz bezala, bi modalitate uztartuko ditu, hiru sektoretan banatuta: «Lehenengo sektorea 5,64 kilometro korrika eta 218 metroko desnibela; bigarrena bizikletaz, 15 kilometro eta 640 metroko desnibelarekin eta hirugarrena, 2 kilometro korrikan, 69 metroko desnibelarekin», azaldu du Berasategik. Lehenengo eta bigarren sektorean ibilbideari bi buelta eman beharko dizkiote parte hartzaileek.
Bakarka edo bikoteka eman daiteke izena. Bikoteka, 14 urtetik gorakoek hartu dezakete parte, beti ere, bietako bat adinez nagusia bada. Bakarka, 16 urtetik gorako edozeinentzako dago irekita izen ematea. Asteazken gauerdian itxi zen izen ematea eta edizio hau ixterako orduan, 91 bat ziren izena emandakoak. «Mendi duatloiarena beti errenka ibiltzen den modalitate bat da. Aurten, iaz baino jende gutxiago dabil zirkuituan parte hartzen. 80 eta 100 parte hartzaileren buelta horretara arrimatuko bagina oso positiboa litzateke», hausnartu du Berasategik. Iaz 119 izan ziren parte hartzaileak guztira.
Ibilbidea aldapatsua
Ibilbidea iazko bera izango dela aurreratu dute. Sektore bakoitzak bere ibilbide zirkular propioa izango du eta herrigunetik eta Idiazabal inguruko mendi eta gainetatik pasatuko da: «Saiatzen gara ibilbideak herrigunean presentzia izan dezan. Herrian geratzen den jendearentzako askoz ere bisualagoa da lasterketa horrela, eta herrigunean giroa sortzen du».
Ibilbidea teknika aldetik zaila izango ez den arren, aldapatsua izango da eta horrek gehituko dio zailtasuna probari: «Bizi garen ingurunea kontutan hartuta, aldaparik gabeko lasterketak egitea ezinezkoa da. Ibilbidea gorabeheratsua izango da eta horregatik, aldez aurretik ibilia egotea komeni da».
Balorazio positiboa
Iaz, lasterketaren balorazio «oso positiboa» egin zuten eta «gustura» geratu zen antolakuntza egindako lanarekin. Lehenengoa izanagatik, «zirkuituko gainontzeko lasterketetan izan ohi den parte hartze bera edo gehiago» izan zutela dio Berasategik. Herriko gazte jendearen parte hartze handiari egotzi dio parte hartzearen arrakasta, «iazko herriko gazte jende asko animatu zen parte hartzera eta bikoteka egiteko aukerak ere jendea erakartzen du. Orokorrean, goierritarren parte hartzea polita joan zen», esan du.
Boluntarioen laguntzarekin ere «zortea» dutela uste du: «Iaz jende pila bat izan zen laguntzen —60 bat— eta aurten ere erantzuna ona izaten ari da».













