Batzuentzat igerilekuak, besteentzat lonjak
Atzoko greba orokorraren arrakastaren biharamunean, Urretxu eta Zumarragako kaleak zeharkatu zituen aspaldian ikusi gabeko manifestazio jendetsuaren eta egun osoko intentsitatearen ondoren, bi gai bereziki lotsagarritan jarri nahi dut arreta. Bi adibide horiek agerian uzten dute gure herrietako udalek, etxebizitza eskubidea bermatu beharrean, instituzioak higiezinen negozioaren eta espekulazioaren interesen zerbitzura jartzen dituztela, onura pribatua herritarren premien eta eskubideen aurretik jarriz.
Urretxun, Gainzuri-Konbentuko etxebizitzak erosteko dirua aurreratu zuten herritarrak promotoraren interesen menpe eta etorkizuna kolokan geratu dira. Udalak legea aldatu du haren negozioa bideragarri egiteko eta etxebizitza gehiago eraikitzeko aukera eman dio. Baina 2026a amaitzear dago, eta etxeak ez dira sikiera eraikitzen ari.
Zumarragan, berriz, Miguel Imaz eraikitzaileak luxuzko urbanizazioa egingo du Ipintzan: Errekalde Bizigunea. 180 m² arteko etxebizitzak eta igerileku pribatua izango ditu. Proiektu hori gauzatzeko, bertan bizi ziren bi pertsonek etxeak utzi behar izan zituzten, eraikinak eraitsi egingo baitituzte.
Bi kasuetan, etxebizitza negozioaren mesedetan jartzen da, baina ondorioak herritarrek pairatzen dituzte. Kontrastea are nabarmenagoa da: Urretxun, promotorari negozioa bermatzeko erraztasunak ematen zaizkio, baina etxebizitzak erosi zituzten herritarrak zain daude, etorkizuna kolokan dutela. Zumarragan, berriz, luxuzko etxebizitzak eta igerileku pribatuak eraikitzeko, bi pertsona etxetik kanporatu dituzte.
Batzuentzat negozioa eta luxua; besteentzat, itxaronaldia, etxegabetzea eta babesgabetasuna. Baina hau guztia ez litzateke posible izango espekulatzaileen interesak defendatzen dituzten alderdi politikoen babesik gabe: PSE Zumarragan eta EAJ Urretxun.
Zumarragako Udalak beste aukera bat eskaini die etxebizitza behar duten herritarrei: 31 lokal komertzial etxebizitza bihurtzea, eraikuntza berriko pisuei eskatzen zaizkien arauak bete beharrik gabe.
Etxebizitza krisia ezin da langileriaren bizi baldintzak okertzearen kontura konpondu: dirua duena igerilekuan, ez duena lonjan.













