Astigarretarrak elkartzeko festa, etzi
San Martin jaia ospatuko dute auzotarrek igandean. Herri bazkarian 50 bat lagun bilduko dira, auzo elkartean.
Txistulariak Astigarretako San Martin jaietan, artxiboko irudian.Loinaz Agirre Azaroaren 11 da San Martin eguna. Toursko San Martinen omenezko parrokia da Astigarretakoa eta, horregatik, San Martin egunaren bueltan auzoko jaiak ospatzen dituzte. Garai batean egunean bertan antolatzen zuten egitaraua, baina duela urte batzuetatik hona egunaren ondorengo igandean egiten dute. Hala, igande honetan ospatuko dute.
10:30ean hasiko da festa giroa. Kalejira egingo dute auzotik txistulariekin batera, Ondoren, 11:00etan, meza nagusia izango da, eta hori bukatzean salda eta pintxoak banatuko dituzte. 14:00etan herri bazkaria izango da. 50 bat lagun elkartuko dira Astauzel elkartean bazkaltzera, eta jai giroak iluntzera arte iraungo du, Astiazaran eta Larrañaga trikitilariek girotuta.
Auzoko elkarte gastronomiko-kulturalak aukera berri bat eman zion auzoari. 1997an auzoko eliza konpontzeko elkartu ziren bizilagunak, eta handik sortu zen auzoari bizia emango zion txoko bat egiteko ideia. Lehen Astigarretako eskola zen eraikinean egokitu zen elkartea, eta 2000. urtean eratu zen ofizialki, gizarte eta kultura ekintzak antolatzeko eta bizilagunen elkargune izateko bokazioz. Igandeko festan ere hori izango da topagune nagusia. Antonio Etxaniz auzotarrak azaldu duenez, garai batean San Martin egunean bertan egin ohi zuten festa, baina jendeak lanagatik edo bestelakoengatik ezin zuela-eta, asteburura pasatzea erabaki zuten, jende gehiago gertura zedin.
1929tik Beasainen
Segurari lotuta egon zen garai batean Astigarreta, eta udalerri independentea izan zen hiru mendez, 1615etik 1929ra bitartean. 1929an, aldiz, astigarretarren ekimen eta erabakiz, Beasainera atxiki zen, herritarrentzat mesedegarriagoa izango zelakoan. 1864an 320 biztanle ziren, 1900ean 225, 1928an 207, eta 1960 eta 1980 urteen artean beherakada nabarmena izan zuen industrializazioaren ondorioz; 1960an 138 ziren eta 1980an 12. Egun, 30 bat dira.













