Azaroaren 16ean ospatuko du Toberak Santa Zezilia, Seguran
Mutiloako, Segurako, Zegamako eta Zeraingo Tobera musika eta dantza eskolako ikasleek aurreratuta ospatuko dute aurten beren zaindariaren eguna. Santa Zezilia, musikarien zaindariaren eguna azaroaren 22an bada ere, azaroaren16an, astelehena, ospatuko dute kalejira eta kontzertu banarekin Seguran.
Hain zuzen ere, ‘Musikalean’ ekimenaren barruan kokatuta joango da aurten ere Santa Zeziliaren omenezko kontzertua. Tobera kide den Euskal Herriko musika eta dantza eskolen elkarteak sustatutako ekimena da Musikalean eta azaroaren 16tik 22ra luzatuko da, ia 50 eskolaren parte hartzearekin. Tokian tokiko eskola bakoitzak emanaldiak eskainiko ditu nork bere herrian, guztiek Musikalean izeneko abestia interpretatuko dute elkarteko parte diren eskolen batasuna irudikatzeko. Segurako kontzertuan, 40 musikaritik gora bilduko dira abestia kantatzeko.













