Bi aparkaleku automatizatu, Ezkion
Santa Lutzi auzoan daude patinete eta bizikletentzako bi instalazioak. Zerbitzua erabiltzeko, udaletxean erregistratu behar dira interesdunak.
Bizikleta eta patinete erabiltzaileei horiek uzteko aukera erosoagoa eskaintzeko, bi aparkaleku automatizatu martxan jarri ditu Ezkioko Udalak. Santa Lutzi auzoan kokatu dituzte guneak: bata Ezkiora igotzeko biribilgunearen inguruan, eta bestea Errekabarrena kaleko 1. zenbakiko eraikinaren ondoan. Bi instalazioak etengabe egongo dira erabilgarri, urteko egun guztietan eta eguneko edozein ordutan.
Aparkaleku bakoitzak zortzi ibilgailu hartzeko lekua du. Zerbitzua baliatzeko, ordea, aurrez erabiltzaile gisa erregistratu beharko da udaletxean. Sarbidea txartel baten bidez egingo da, eta txartel hori eskuratzeko bost euro ordaindu beharko dira.
Erabilera indibidualekoak
Erabilera indibiduala izango da. Hau da, erabiltzaile bakoitzak ibilgailu bakarra utzi ahal izango du aparkalekuan, eta esleitutako txartela ezin izango zaio beste pertsona bati utzi. Adingabeek ere erabili ahal izango dute zerbitzua, baina haien kasuan gurasoek edo tutoreek hartuko dute erantzukizuna.
Udalak, halaber, erabiltzaileei instalazioak behar bezala ixteko eskatu die. Aparkalekuan kalteren bat, matxurarik edo bestelako arazoren bat antzemanez gero, udalarekin harremanetan jarri beharko dute. Nolanahi ere, Udalak ohartarazi du ez duela bertan utzitako bizikleta edo patineteen erantzukizuna bere gain hartzen, eta ez duela ibilgailuek jasan ditzaketen kalteen ardurarik izango.
Bestalde, hilabete baino gehiagoz aparkalekuan erabiltzen ez den bizikleta edo patinetea badago, hura kentzeko aukera izango du Udalak. Txartela galduz gero ere udaletxera jo beharko da baja emateko eta beste bat eskatzeko; kasu horretan, txartel berriak berriro bost euro balioko du.
Gainerakoan, zerbitzuan alta edo baja emateko edota zalantzak argitzeko, udaletxera jo daiteke astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara.













