Elkarlanaren balio goratu dute Goierri campusaren 25. urteurrenean
Imanol Pradales lehendakariak, Eider Mendoza Diputatu Nagusiak, Adur Ezenarro Goierri Fundazioko presidenteak eta Bixente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak parte hartu dute, besteak beste.
Goierriko Ingeniaritza campuseko ikasleak agintariei haien proiektuen berri ematen, gaur goizean. Iñaki Gurrutxaga Goierri campusak 25 urte bete ditu, eta urteurrena baliatuta ekitaldia jendetsua egin dute gaur goizean. Goierri Fundazioaren eta Mondragon Unibertsitatearen elkarlanaren ondorioz jarri zen martxan orain mende erdia Ingeniaritza unibertsitatea Ordizian, eta lankidetza hori goretsi dute gaurko hitzartzeetan.
Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta Goierri Fundazioaren presidenteak, Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Bixente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eta Goierri Eskolako arduradunek Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzaren lehendakariari egin dioten harrerarekin hasi da ekitaldia, txistulariek Agur jaunak jotzen zuten bitartean.
Behin areto nagusian, Iñar Sastre eta Josetxo Zeberiok aurreskua musikatu dute, bi dantzarik dantzatzen zuten bitartean. Ekitaldia solemnea izan da, eta hitza hartu duten denek eskerrak eman dizkiete bildutako denei. Publiko artean zeuden duela hainbat hamarkada Goierri Eskolako martxan jarri zuten hainbat ordezkari, egungo arduradunak eta baita Goierriko hainbat alkate ere.

Campusaren sortzaileak, eskolaren arduradunak eta Goierriko udaletako eta beste erakunde batzuetako ordezkariak.Iñaki Gurrutxaga
Goierritar izaera
Adur Ezenarro Goierriko Herrien Ekintza Fundazioko presidentea izan da hitza hartzen lehena. Nabarmendu du goierritarren izaera “bitxia”, herritik eskualderako dagoen begirada, eta Ordizia Rugby Elkartearen lema ekarri du gogora: “Bakarrik gutxi, elkarrekin dena”.
Goierri Eskola, Ikaslan eta Goierriko campusa martxan jarri ez ezik, Lortek teknologia zentroa, Goieki eta enpresa berrien inkubategia ere abian direla gogorarazi du. Formazioari eman zaion garrantzia ekarri du gogora, eta “heziketaren hazia ereiten” jarraitzeko deia egin du.
Eredu partekatu baten hasiera
Bixente Atxa MUko Errektoreak gogoratu du 2001eko irailaren 24a izan zela Goierri campuseko lehen eskola eguna. “Proiektu honen bultzatzaileak hemen daude. MU eta Goierri Fundazioaren arteko elkarlanarekin sortu zen orain dela 25 urte, eta eredu partekatu bati hasiera eman zitzaion”.
Atxak nabarmendu du zein izan zen Ingeniaritza unibertsitatea Goierrin jartzeko helburua: “Eskualdean inpaktu sozioekonomiko handiagoa sortzea. Goierri eskualde industriala da, enpresa sare zabala eta kooperatiba ugari dituena. Egokia Mondragon Unibertsitatearentzat”.
Urte hauetan guztietan 600 ikasle baino graduatu dira Goierri campusean. “Horrek esan nahi du 600 proiektu baino gehiago garatu direla enpresekin. Goierri eredugarria izan da unibertsitatearen eta lanbide heziketaren arteko elkarlan publiko-pribatu eredua. Gure hobetzeko grinari bultzada emateko balio dezala elkarlan publiko-pribatu honek”.
Hiru eragile mahai-inguruan
Andres Arizkorreta CAFeko presidentea, Asier Lekuona Goilan-eko presidentea eta Carlos Garcia MUko ingeniaritza politeknikoko koordinatzailea hitz-aspertuan jarri dituzte ondoren ekitaldiaren moderatzaileak. Bi galdera egin dizkie: 25 urteok zer eman duten eta erakundeei etorkizunean zer eskatu lieketen.
Arizkorretak Jose Gastesi eman dio eskerrak, 1968an, Escuela Profesional de Goierri martxan jartzeko egindako lanarengatik. CAFen sortu zegoen Escuela de aprendizes Goeirri eskolaren mesedetan jarri zuela gogoratu du. “Gero 1986an Goierri Fundazioa sortu zen, eta gero etorri zen Mondragon Unibertsitatea”.

Asier Lekuona, Carlos Garcia eta Andres Arizkorreta, mahai-inguruan.Iñaki Gurrutxaga
Garciak 25 urte hauen “balorazio oso positiboa” egin du. “Elkarlana zaila da, arrakasta baten historia daukagu hemen. 25 urte hauetan lortu dugun konfiantza eta metodoa eredugarria da, praktikak, ikerketa eta transferentzia egitea bertan enpresekin. Orkli, Ampo eta Irizar bezalako kooperatibekin, CAFekin, GHrekin… Bi master ere sortu ditugu, eta gauza gehiago sortzeko asmoa daukagu”
Orkliko presidente eta Goilaneko presidente da Lekuona. Gaur egungo enpresek duten lehiakortasun beharrean, polo formatibo bat edukitzeari, gertu edukitzeari eta ikasleek bertako enpresekin duten harremanari egin dio aipamena. “Pertenentzia sentimendua sortzen du horrek”.
Etorkizunerako prestatu beharra
Bigarren galderari erantzunez, Arizkorretak “industriaren pisua zabaltzeko eta handitzeko” eskatu die erakundeei. “EAEn %25 suposatzen du, Gipuzkoan %27, Goierrin %50. CAF taldean 6.000 ingeniari baino gehiago daude, Gipuzkoan 1.640, eta gehienak Goierrin. 2035an 400 langile baino gehiago jubillatuko dira fabrika handian, eta 2040an 600”. Nabarmendu du CAF prest dagoela elkarlanean jarraitzeko. “Eskolak euskaraz bai, baina ingelesez ere bai. CAFen 500 ingeniari ari dira software teknikoa garatzen, digitalizazioa gaurko gauza bat da”.
Garciarentzat gakoa “talentuari eustea” izango da, bai ingeniaritzan bai lanbide heziketan. “Ikasleek atera behar dira unibertsitatetik enpresetarako ondo trebatuta, eta hor elkarlana areagotu beharko dugu, harremana sustatu, batez ere, etorkizuneko teknologietan. Funtsezkoa da zaintzea irakasleen figura”.
Beste ikuspuntu bat gehitu du Lekuonak. “Eraldaketa prozesu handi baten gaude Orklin, behartuta gaude hori egitera, pertsonak izango dira gako, kolektiboki emango diogun erantzuna gakoa izango da. Guk 450 bazkide dauzkagu, eta guk ere eraldatu behar dugu. Gizartea aldatzen ari da, eta etorkizuneko Goierriko gizartea ezberdina izango da, eta hor ere erronka daukagu”.
Jasotzeko erein egin behar
Sastre eta Zeberio musikarien bigarren saioaren ondoren, Imanol Pradales lehendakariak hartu du hitza. “Garrantzia handiko mugarriak ekarri gaitu hona, merezi izan du 25 urteotako lanak, gutxik espero zukeen horrelako ekosistema bat edukitzea, lehiakortasun, gizarte kohesioa eta berrikuntza uztartzen dituena, eta euskara ardatz, hori oso inportantea”.
60ko hamarkadan enpresak eta gurasoak ados jarri zirela gogoratu du, “baso aberats hau” sortzeko. “Ez zen bide erraza izan, 80ko hamarkadako krisian eskola desagertzear egon zen, 3.000 lanpostu galdu ziren Goierrin eta langabezia %25era iritsi zen, baina udalek eta enpresa batzuk aurreratu egin zuten, eta Goierri Fundazioa sortu zuten”.
Bi kontzepturi egin dien aipamena lehendakariak. Lehena, herri ekimenaren eta elkarlan publiko-pribatuaren ahalmena; eta bigarren ikasbidea, une zailetan ere badaudela aukerak. “Arizmendiarretak esaten zuen bezala, gauza asko egin ditzakegu inoren baimenik gabe. Esaldi horrek indar handia dauka. Asko egin dezakegu Euskadin eta Euskaditik inori baimenik eskatu gabe”.

Imanol Pradales lehendakaria, gaurko hitzaldian.Iñaki Gurrutxaga
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria izan du gogoan, hura agintari zela sortu baitzen Goierri campusa. “Gipuzkoaren eredua beti gustatu izan zait, eta hemen esan nahi dut, Goierrin. Ez da harritzeko errenta handiena duten Gipuzkoa hiru herriak Goierrikoak izatea. Hala ere, ezin dugu errentetatik bizi. Hortaz, lehiakortasuna, industria behar dugu, industria handiagoa, industria garbiagoa, eta erronka handiak ditugu: belaunaldi aldaketa, deskarbonizazioa…”.
Berriz ere basoari aipamena eginez bukatu du hitzaldia: “Goierrin eta Euskadin daukaguna daukagu aurrekoei esker, eta basoaren onurak hor dauzkagu, baina zaindu egin behar da, erein, jasotzeko erein, partekatzeko erein… Ez dago beste errezetarik”. Eskaera bat egin die ekitaldiko partaideei eta enpresetako gizon-emakumeei. “Emakumeak erakarri behar ditugu industriara, erronka itzela eta aukera paregabea daukagu”.
Ikasleekin hitz-aspertua
Ekitaldia bukatuta, Ingeniaritza eraikinera joan diren agintariak eta eskola arduradunak, eta lau ikaslek lantzen ari diren proiektuen berri eman diete, hitz jario txukunean eta azalpen argiekin. Pradalesen, Mendozaren eta Ezenarroren galdera inprobisatuak ere erantzun dituzte.
ARGAZKIAK: Iñaki Gurrutxaga













