Haur eta Nerabeen Astea ospatuko dute Zumarragan azaroaren 16tik 22ra
Zumarragako Udalak, Haur eta Nerabeen Kontseiluarekin elkarlanean, Haur eta Nerabeen Astearen edizio berri bat antolatu du. Azaroaren 16tik 22ra egingo da. Haurren eta nerabeen eskubideak sustatzea, haien parte hartze aktiboa bultzatzea eta herritar guztientzako topaguneak sortzea izango da helburua.
Programazioa Haurren eta Nerabeen Kontseiluak berak lan saioetan egindako proposamenak kontuan hartuta diseinatu da. Horrela, udalak entzute aktiboarekin eta tokiko bizitza publikoan haurren parte hartzearekin duen konpromisoa indartu da.
Aurreikusitako jardueren artean, Scape Street programa nabarmentzen da, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak dinamizatuta eta herriko hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei zuzenduta. Ekimen horretan, bizi ohitura osasungarriei buruzko sentsibilizazioa, talde lana eta hausnarketa uztartzen dira, ikasleei egokitutako metodologia parte hartzaile baten bidez. Kerik gabeko espazioak sortzea eta tabakoa ez kontsumitzea helburu duen Scape Street hori hilaren 16tik 20ra egingo dute, ikastetxeetan.
Azaroaren 20an, Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Mugikorrik gabeko Eguna egingo da, Urretxuko Udalarekin batera. Ekimenaren barruan, hamar konpromiso jasotzen dituen eskuorri bat zabalduko da, familietan teknologiaren erabilera arduratsua sustatzeko. Jarduera ludikoak ere egingo dira: puzgarriak eta gailu elektronikorik gabeko familia topaketak eta jolasak izango dira 17:00etatik 19:00etara Zelai Arizti parkean.
Programazioak azaroaren 21ean jarraituko du, Ipuin Ihesgela jarduerarekin. Haur eta gazteei zuzendutako Scape Room bat da. Azokako arkupeetan egingo dute, 17:00etatik 20:00etara. Proposamenak jolas kooperatiboa, sormena eta haurren eskubideei lotutako baloreen sustapena uztartuko ditu.
Asteari amaiera emateko, azaroaren 22an Sortu zure stickerra sormen saioa egingo da, haurren artean sormena eta adierazpen artistikoa sustatzeko. Parte hartzaileek itsasgarri pertsonalizatuak diseinatu eta egin ahal izango dituzte, haurren eskubideetan oinarrituta. Eskulan saioa azokako arkupeetan izango da, 12:00etatik 14:00etara, eta gehienez 40 lagunentzako tokia egongo da. Parte hartzea doakoa izango da, aurrez izena emanda.
Gainera, aste osoan zehar haurren eskubideei buruzko mahai zapiak banatuko dira ostalaritzako establezimenduetan, eduki horiek herritarrei hurbiltzeko eta hausnarketa eta sentsibilizazio espazioak sortzeko.
Bestalde, Jolasenea elkarteak pantailarik gabeko aisia sustatzen jarraituko du, jolas saioekin. Horrekin lotuta, udalak Zumarragarekin lotutako denbora-pasa prestatu du.
Bukatzeko, udalak beste urrats bat emango du haurren partaidetzako organoen zabalkundean eta irisgarritasunean. Haur eta Nerabeen Kontseiluaren Erregelamendua, 2025eko abenduaren 15ean Udal Osoko Bilkurak onartua, egokitu eta maketatu egin da irakurketa errazeko formatuan, haurrek eta nerabeek errazago uler dezaten. Egokitzapen hori Haurren eta Nerabeen Kontseiluarekin batera landu da, eta haren ekarpenak txertatu dira, edukia haur eta gazteentzat irisgarria, hurbila eta ulergarria izan dadin. Irakurketa errazeko bertsioa herriko ikastetxeetan eta hainbat espazio publikotan banatuko da, eta udalaren webgunean ere argitaratuko da, herritar guztiek errazago kontsultatu dezaten.














