Urretxu eta Zumarragako Mugikorrik Gabeko Eguna antolatu dute azaroaren 20an
Zumarragako eta Urretxuko udalek, Altxa Burua Urretxu-Zumarraga taldearekin elkarlanean, Mugikorrik Gabeko Eguna antolatu dute azaroaren 20rako. Ekimenaren helburua herritarrak teknologiaren erabilerari buruz hausnartzera bultzatzea, ohitura digital osasungarriak sustatzea eta komunitatean aurrez aurreko harremanei eta elkarrekin partekatutako denborari balio handiagoa ematea da.
Komunitatean konpromezua lelopean, egitasmoak eguneroko bizitzan mugikorraren erabilerari buruzko kontzientzia piztu nahi du, bereziki haur eta nerabeen ongizateari erreparatuz. Horretarako, familien, ikastetxeen, erakundeen eta herritarren arteko elkarlana jarri da ekimenaren erdigunean. Ekimenaren bidez, ez da teknologia baztertu nahi, baizik eta haren erabilera arduratsua, orekatua eta kontzientea sustatu, pertsonen arteko harremanak, komunikazioa eta kalitatezko denbora lehenetsiz.
Azaroaren 20ko ekimenak herritarren parte hartze aktiboa sustatuko du, keinu txikien bidez eguneroko ohituretan aldaketak eragiteko. Horretarako, bi herrietako ikastetxe, familia eta gizarte eragileen artean konpromiso orri bat banatuko da. Dokumentuak norberaren ohitura digitalen inguruko hausnarketa egitea proposatzen du, eta hainbat konpromiso jasotzen ditu: otorduetan eta elkarrizketetan mugikorrik gabeko uneak sortzea, aurrez aurreko harremanei lehentasuna ematea, arretaz eta distrakziorik gabe entzutea, pantailarik gabeko jarduerak sustatzea eta teknologiaren erabilera arduratsuaren adibide izatea. Era berean, Arnasgune imanak banatuko dira, etxeetan ikusgai jartzeko eta hartutako konpromisoak egunerokoan gogorarazteko. Helburua ez da egun bakarreko ekintza sinboliko batean geratzea, baizik eta familien eta komunitatearen artean hausnarketa partekatua bultzatzea, denboran iraungo duten ohitura osasungarriak indartzeko.
Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Mugikorrik Gabeko Egunak aisialdirako eta elkarrekin gozatzeko aukera ere eskainiko du. Arratsaldean, 0 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendutako jarduerak antolatuko dira Zelai Arizti parkean. Besteak beste, puzgarriak, egurrezko jolasak eta jolas inklusiboak izango dira, pantailarik gabeko aisialdiaren bidez harremanak, jolasa eta parte hartzea sustatzeko. Eguraldi txarra eginez gero, jarduerak Beloki pilotalekura edo La Salle-Legazpi ikastetxekora lekualdatuko dira.
Zumarragako eta Urretxuko udalek ekimenean parte hartzeko eta eguneroko ohitura digitalen inguruan hausnartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei. Izan ere, haur eta nerabeentzako ingurune osasungarriagoak eraikitzea komunitate osoaren ardura partekatua da, eta norbanakoen konpromiso txikiek ere ekarpen garrantzitsua egin dezakete bide horretan.
Mugikorrik Gabeko Eguna Zumarragako eta Urretxuko udalek azken urteotan arlo honetan egindako lanaren jarraipena da. 2025ean, bi udalek teknologiaren erabilera arduratsuaren eta haur eta nerabeen ongizatearen aldeko adierazpena onartu zuten. Horren bidez, haur eta nerabeen garapen osasuntsua sustatzeko, hezkuntza komunitatearen sentsibilizazioa indartzeko eta ikastetxeetan mugikorrik gabeko espazioak babesteko konpromisoa hartu zuten.
Ildo horretan, bi udalek elkarlan estua izan dute Altxa Burua Urretxu-Zumarraga taldearekin, familiei babesa eta tresnak eskaintzeko eta teknologiaren erabileraren inguruko hausnarketa komunitate osora zabaltzeko.
Elkarlan horren baitan, 2026. urtearen hasieran Heziz Hazi programa jarri zuten martxan, familiei laguntzeko eta haur eta nerabeen garapen osasuntsua sustatzeko, bereziki ingurune digitalean.
Programaren abiapuntuko diagnostikoak agerian utzi zuen familien nahien eta eguneroko errealitatearen arteko aldea. Izan ere, lehen gailu digitalerako sarbidea, oro har, 9 eta 12 urte bitartean gertatzen den arren, familia askok une hori 14 edo 16 urtera arte atzeratu nahiko lukete. Hala ere, inguruko presio sozialak eta babes faltaren pertzepzioak eragina dute erabaki horietan.
Horri erantzuteko, Heziz Hazi programaren barruan hainbat jarduera garatu dira, besteak beste, pantailen erabilerak haurren ikusmenean eta ahozko garapenean izan ditzakeen eraginei buruzko hitzaldiak.













