San Martini gorazarre Zegaman
San Martin feria egingo dute bihar, ganadua eta gazta ardatz direla. Gazte Herexak gazteei zuzendutako egitarau antolatu du.
Aizkorri-Aratzeko gazta lehiaketa da Zegamako San Martin feriaren ardatzetako bat.Laida Goiburu San Martinen omenezko feria urteko garrantzitsuenetako bat izan ohi da Zegaman. Herriko ganaduaren erakusketa eta Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazten lehiaketa dira azokaren bi zutabe nagusiak. Iaz ganadurik gabeko feria izan zen, dermatosi nodular kutsakorraren eraginez. Aurten, betiko formatuan ospatuko dute, larunbatean, 9:00etatik aurrera.
Herriko abeltzainentzat hitzordu garrantzitsua da San Martin feria. Urte guztian zehar baserrietan zaindu eta hazitako ganadua baserrietatik herrigunera jaitsi eta erakustekoa. Animaliak oinez jaisten dituzte herrira, prozesioan. Aurten Zegamako 15 baserri ezberdinetako hainbat abelburu jarriko dituzte ikusgai: «15 behi, 2 zezen, 39 behor, 7 zaldi, 3 asto, 5 ardi-lote, 2 bildots-lote eta 6 ahuntz-lote», zehaztu du Izaskun Rezola, Zegamako Udaleko kultur arloko laguntzaileak.
Askotariko eskaintza
Ganadu erakusketarekin batera irekiko da feria. Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazten salmenta izango da pilotalekuan. Urtero bezala hiru postu izango dira, «beste bi postutan ere salduko dute gazta, baina ez Aizkorri-Aratzeko bereizgarriduna», zehaztu du. Askotariko artisau produktuek osatuko dute larunbateko eskaintza, guztira 60 postu izango dira pilotalekuan, Aitxuri herri eskolako patioan eta plazan zehar.
Aipatu bezala, ganaduarekin batera gazta izango da azokako protagonista nagusia. Horren haritik, Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazta lehiaketa ere hartuko du feriak, aurten bere 27. edizioan. Lehiaketa honetara Idiazabal jatorri izendapenaren baitan, Aizkorri-Aratz natur parkean soilik bazkatzen duten ardien esnearekin egindako gaztak aurkeztu daitezke lehiaketara. Izaera bereziko gaztak dira, ingurune naturalari eta artzaintza tradizionalari lotuak.
Momentuz, hamaika
Momentuz, 11 gazta daude lehiaketara aurkeztuta, baina gehiago izango dira, «normalean, 15-16 gazta inguru izan ohi dira. 22 dira mota honetako gazta egiten duten gaztandegiak. Ez dira guztiak aurkeztuko baina batzuk jatorri izendapenera bidaltzen dute zuzenean eskaera», azaldu du Rezolak. Eguerdian emango da jakitera zein den aurtengo gazta irabazlea.
Tartean, Eusko labeldun Tolosako babarruna dastatzeko aukera izango da Aitxurin eta sari banaketaren ondoren, baita, lehiaketara aurkeztutako gaztak dastatzekoa ere herriko elkarte gastronomikoen laguntzarekin. Tartaloetxe elkartean, ohi bezala, txakolin dastatzea izango da. Eta arratsaldean, herritarren arteko eskuz binakako 27. San Martin pilota txapelketako finalak.
Gazte Herexak baserritarrez jantzita irteteko deia egin die herritarrei
Gazte Herexa herriko gazteen taldeak ere gazteei zuzendutako egitaraua antolatu du San Martin feriari begira. Aurten, azpimarra berezia egin diote baserritarrez jantzita joateko ohitura berreskuratzeari. Horregatik, beste zenbait ekintzen artean, baserritarrez jantzita aterako diren gazteen artean zozketa bat egingo dute lehenengoz.
Zegamako Gazte Herexa taldea herriko gazteek kudeatzen dute. Orain arte ardura izan duen taldeak erreleboa eman zion urrian 2004 eta 2005 urteetan jaiotakoei. Lan talde berriak «ilusio handiz» hartu du ardura eta San Martin feriaren inguruko ekintzak dira talde berriaren ardurapena antolatuko diren lehenak.
Baserritarrez jantzita ateratzen diren gazteen artean saski bat zozkatuko dute larunbat goizean. Txartelak salgai izango dira goiz osoan zehar eta eguerdian egingo dute zozketa. Behin feria amaituta, arratsaldera eramango dute jai giroa. Hala, 19:00etan poteoa antolatu dute Kita del pare txarangarekin. Ondoren, pilota txapelketako finalak amaituta, urteroko afaria egingo dute tonbola eta opari jolastiekin.
Afarirako izen ematea amaituta dago, eta ogitartekoak eta edariak izango dituzte menuan, 10 euroan. Lekua izena eman dutenen kopuruaren eta eguraldiaren arabera zehaztuko dute hurrengo egunetan, aurreratu dutenez.















