Yoga somatiko saioak antolatu ditu Astigarretan Zera Kultur Elkarteak hurrengo lau larunbatetarako. Lehenengo saioa bihar izango da, eta hurrenak azaroaren 21ean, 28an eta abenduaren 5ean. 10:30etik 12:00etara bitarteko saioak egingo dituzte.
Saio bakoitzaren ondoren, hamaiketakoa egongo da parte hartzaile guztientzat. Parte hartu nahi dutenek (5 euro) izena eman behar dute, 603 475 323 mugikor zenbakian. Astigarretara igotzeko kotxeen koordinazioa ere egingo dute antolatzaileek.
Zera Kultur Elkartea arte garaikidearekin, ikerketarekin eta lurralde proiektuekin lotutako Astigarreta agenteen sarean parte hartzen duen elkartea da. Era berean, Astigarreta auzora bizitzera etorritako Nader Koochaki eta Kimia Kamvarik kudeatzen duten irabazi-asmorik gabeko kooperatiba elkarte txikia da, arte lanen ekoizpena, jarduera editoriala, artistentzako egoitzaren kudeaketa eta auzo eta eskualde mailako kultur dinamikak sustatzea helburu dituena.
Herritarrak animatu dituzte saioetara. Yoga somatikoak hatha yoga tradizionala hezkuntza somatikoarekin uztartzen du, eta arreta jartzen du gorputza barrutik sentitzen den eran, ez horrenbeste posturaren estetikan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.